Gaur, San Joan egunez, musikak protagonismo berezia izango du, eta emanaldien artean, Musika Bandarenak. Izan ere, aurtengo emanaldia berezia izango da. Bederatzi urte eta gero, Zipri Otxandorenak testigua pasako dio Roberto Pachecori Musika Bandako zuzendari gisa. Hori horrela, gaur biak ariko dira zuzendari lanetan. Eta beraiek bakarrik ez, Manolo Sagarna aurreko zuzendaria ere, bertan izango da. Kontzertua Plazan izango da 13:15etatik aurrera.
Dianarekin esnatu
San Joan eguna behar bezala hasteko, Diana izango da 09:00etatik aurrera, Hernaniko Musika Banda eta Txistulari Bandaren eskutik. Mendirik Mendi doinuaren airera ibiliko dira.
Txistulari Bandaren kontzertua, eguerdian
Txistulari Bandak ere ez du hutsik egingo San Joan egunean eta ohi bezala kontzertua eskainiko du 12:00etan, Plazan.
‘Karrozentzat’, Lisker
Gauean ere ez da musikarik faltako. Besteak beste, Tilosetan, Amboters, Rippes eta Temblores taldeen kontzertua izango da eta Atsegindegin, `karrozentzako´ dantzaldia, Lisker taldearekin. Bi emanaldiak 23:00etan hasiko dira.