«Festak lokalean hasten ditugu beti, San Joan bezperako afariarekin»

Kronika - Erredakzioa 2013ko eka. 23a, 02:00

San Joanak egunez, gauez, familian, lagunartean... modu askotara bizi daitezke. Azken urteetan, koadrila-lokalak jarri dira modan. Elkartzeko gune bihurtu dira, eta Kronika koadrila batekin bildu da festak nola bizi dituzten jakin nahian.

Koadrilak lokaletan el­kar­tzeko joerak gora egin du nabarmen azken ur­teotan Hernanin. San Joa­nak eta urtean zehar izaten di­ren beste hainbat festa egun seinalatuak izaten di­ra lokal hauetan, festa, modu berezian bizi izaten baitute. Hernaniko auzoe­tan, garai batean lokal ko­mertzialak zirenak bihurtu dira gazte-lokal gehienbat; horietako asko Lizeaga eta Gartzia Goldaraz auzoetan daude. Hernaniko Kronika Larramendi kaleko gazte-lokal bateko koadrilarekin bildu da, San Joanak nola bizi dituzten jakinminez. Hogei lagun inguruk osatzen dute koadrila, 27-28 urteren bueltakoak guztiak. Orain lau urte hartu zuten lokal bat alokatzeko eraba­kia eta gaur dute, San Joan bezperako laugarren afaria.

San Joan bezpera eta Koadrila Eguna, topera
Festa giroa nabari da lo­kalera sartu bezain pronto. Pareta eta sabaiak kolore bizi biziak dituzte: «deko­ratu egiten dugu, aipain­garriak San Joanetako erri­tualaren parte dira» diote Aitziber eta Nagorek, koa­dri­lako bi kideek. Gaur dute festetako egun haundia, koadrila ia oso­ta­sunean elkartzen den egu­na, eta azken prepara­tiboe­kin hasiak dira: «afaltzera elkartzen gara, baina ja­naria ez da gure ardura na­gusia izaten. Pizza edo bo­katak izaten dira urte­roko menua; aitzakia per­fektua, elkarre­kin egote­ko». Musi­kak ere ba­du lekua, hain gau bere­zian. Afalostean lo­ka­lean ber­tan hartzen di­tuz­­te au­rre­neko tragoak: «afal­du eta gauerdia pasa arte elka­rre­kin hartzen di­tugu lehenda­biziko tra­goak. Aurretik au­keratutako mu­si­ka lagun iza­ten dugu ordu horietan; dantzatu eta jai giroan bete-betean murgil­tzen gara». Urumea Txa­ran­garen instru­menduak ere lokalean gor­detzen dituzte eta urteroko zitara, gaur gauekora, ber­tatik ate­ratzen dira: «gu­retzat plan per­fektua iza­ten da. Gure lo­kaletik ate­ratzen da txaranga, eta gu atzetik, Kaxkoan barrena gora eta behera, atzera eta aurrera, festa giroan mur­giltzera». Koadrila Egunean izaten dute San Joanetako bigarren kedada. Ederki etortzen zaie lokala egun honetan, baina ez festarako; kasu honetan, deskan­tsurako. Lokaletik kanpo bazkaltzen dute eta nekatzen joan heinean, lo­kalera gerturatzen dira: «sies­tatxo bat egitera gertu­ratzen dira batzuk; gaue­rako indarrak berreskura­tzera besteak. Iluntzean bo­kata edo pizzak eskatu, eta elkarrekin afaltzen dugu askotan. Kasu honetan, festa bukatu egiten dugu, lokalean».

«Elkar gehiago ezagutzeko balio izan digu lokalak»
Era guztietako iritziak zeu­den koadrilan, debatea lo­kala hartu edo ez zenean. Orain, urteak pasa eta bi­zi­takoa baloratzerako or­duan, atzean geratu dira iri­tzi ezberdin haiek: «ta­ber­­naren batean elkartzen gi­nen le­hen. Bakoitzak gertu­koen sentitzen zituen hiru edo lau lagunei deitu, eta listo... guztiak tarteka elkar­tzen ginen. Orain, deitu be­harrik ez. Beti dago norbait loka­lean, eta lehen egunero egoten ez ginen lagunekin ere, harreman estua dugu orain. Betidanik koadrila berekoak izanda ere, azken urteetan gehia­go ezagutu dugu elkar, eta hori ederra da».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!