Beti izaten da txosna berezia AEK Euskaltegiak Tilosetako ixkinan jartzen duena. Euskeraren aldeko txosna eta parranda plaza paregabea izateaz gain, afaritarako leku bihurtu da AEKko txosna, eta aurten, berrikuntza gisa, gosariak ere emango dira. Dobera Euskara Elkarteak eta Hernaniko Kronikak goizeko 05:00etatik 10:00etara irekiko dute txosna, eta AEK Euskaltegiak arratsaldetik goizaldera.
Egunero lau plater aukeran
Hernanialdeako AEKk urtero bezala edariak eskainiko ditu, eta baita afariak ere. Sutegi enpresa zarauztarrak prestatutako menuak eskainiko dira egunero.
Lau plater izango dira aukeran: larunbat, astelehen eta asteazkenean: makarroiak, menestra, albondigak eta karrilerak. Igandean, asteartean eta ostegunean: kaneloiak, pistoa, oilasko izterrak eta bakailaoa. Prezioak ere oso moduz eskaintzen dituzte. Lehenengo platerak 3,5 euro balio ditu, eta bigarrenak 4 euro. Mahaiak eta aulkiak ere badira.
Aerorumba, Jenny Perlazaren eskutik
Txosna inguruan tailerrak antolatu dituzte aurten. Bihar, astelehena, haurrek jolasteko txoko berezia jarriko dute, 18:00etatik 20:00etara. Asteazkenean, ekainak 26, gau tropikala aprobetxatu, eta Jenny Perlaza euskaltegiko ikasleak Aerorumba tailerra egingo du. Zer da hori? Azaldu, ekainaren 26an, eta parte hartu nahi duten guztiei aukera emango zaie. Aurten ez da mojitorik faltako AEKko txosnan.
Kamixetak salgai
AEKren mezua garbia da aurten ere: «anima zaitez eta San Joanetan ere eman euskara elkarri! Hernani Euskaldunberritu dezagun denon artean!»
Kamixetak salduko dira, 5 euroan, mezu horrekin berarekin: Hernani Euskaldunberri.
Gosariak, Dobera eta Kronikaren eskutik
Dobera Euskara Elkarteak eta Hernaniko Kronikak aurten gosariak emango dizkiote jendeari. Goizeko 05:00etatik 10:00etara gosariak emango dituzte: gazi zein gozoak: txorixo egosia, patata tortila, Hernaniko sagardotegi gehienetako sagardoa, zerbeza eta abar... edo bizkotxoak, napolitanak, tostadak, txokolate beroa, kafea, kafesnea...
Hernaniko Kronikak multikopista berria behar du, egunero Kronika inprimitu ahal izateko. Dagoeneko 9,5 miloi kopia bota dituen makina horrek erreleboa behar du, eta 9.000 euroko kostua du. Txosnan ateratzen den dirua makina hori erosteko izango da.
Gaur, eguerdian ere jatena
San Joan bezpera da gaur, eta Doberak eta Kronikak eguerdi partean ere ireki egingo dute txosna, txupinazo garairako. Haragi egosia ere izango omen da gaur, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte mokadu bat egitera.
Sukaldea herriko taldeekin konpartitzeko asmoa
AEK Euskaltegiak iaz ere konpartitu egin zuen sukaldea, Hernaniko Berria taldearekin. Aurten Dobera eta Kronikaren eskaerari baiezkoa eman dio, eta adierazi dutenez, datorren urteetan ere asmo horixe daukate. «AEKren ideia da, ahal dela, urtero sukaldea herriko beste talde batzuekin partekatzea. Proposamen gehiago ere baditugu: denbora bankua, langabe talde bat...»