Mikel Aginagalde
Hernaniko koadrila historikoa da Edan eta Lo. Hiru hamarkada eta erdi igaro dituzte San Joanez koadrilan gozatuz, eta oraingoan, gainera, beraiek izango dira koadrilen eguneko protagonista nagusiak. 1978an sortu zen ofizialki gazte taldea, baina lehenagotik ere ibiltzen ziren elkarrekin gazte horietako asko, eta Hernaniz gain beste hainbat herritan ere egin izan dituzte parranda ugari. Gaur egun 28 lagun dira koadrila osatzen dutenak. Koadrilaren izenak aski ongi definitzen du San Juan jaietan herritar askok egiten dutena. Eguneroko arazoez ahazteko helburuarekin eta lagunekin kalean barrena algaraka ibiltzeko asmoarekin ospatzen dira San Juan jaiak. Festaz gozatzeko modu horren adibide da Edan eta Lo koadrila. Izen hori jartzearen erabakia Txilibita tabernan hartu omen zuten, eta aho bateko adostasuna lortu zuten horren inguruan, izan ere, deitura horrek ezin hobeto definitzen zuen koadrilaren izaera.
Lehen otordua, berezia
Lehen aldiz elkartu zireneko oroitzapen politak ditu Antonio Martin koadrilako kideak, eta egun berezia izan zela aitortzen du. Leoka garbitegian egin zuten estreinako bazkaria eta bertan jantzi zuten lehen aldiz taldearen izena zeraman blusa. Handik aurrera urtero errepikatu dute erritoa beste hainbat txokotan, besteak beste, Ugaldetxon, Fagollagan edota Galarretan. Egun bazkari tradizionala Txalaparta elkartean ospatzen dute. Aurrerantzean ere sarritan egiteko gogoa dutela azaldu du Antonio Martinek.
Baina jantokiaz gain, janzkerak ere izan ditu zenbait aldaketa denboraren poderioz. Izan ere, blusaren kolorea desberdina izan da urteek aurrera egin ahala. Hasiera batean mahoi kolorekoa zen; ondoren gorria, eta gaur egun txuri-urdina da alkandoraren kolorea. Blusako marrazkia orain dela urte asko sortu zuten eta oso ongi irudikatzen du taldearen izaera.
Festazaleak
hemen eta han
Edan eta Lo koadrila lagun talde mugitua izan da, eta inguruko beste herri eta auzoetan ere egin izan dituzte parranda ugari, Aranon, Goizuetan, Leitzan edota Lesakan, esaterako. Hasiera batean kanpin dendak eramaten zituzten, festaren ondoren atsedena hartzeko asmoarekin, baina, gerora kanpinak baztertu eta kotxea erabiltzen zuten logela moduan. Kotxe horiei `bonbarderoa´, `R8´ edota `metralleta´ bezalako izen xelebreak jartzen zizkieten, zituzten ezaugarrien arabera edota kotxearen jabeak zuen berezitasun zehatz baten arabera.
Hernanitik kanpo ere egin izan dituzte irteerak, eta horien artean aipagarriak dira udan Logroñoko El Cortijora egindako bidaia edota Pirinioetara egindako txangoa. Aste Santuak, gainera, koadrila planak egiteko une aproposa izaten ziren. Aukera zutenean Euskal Herriko hainbat lekutara egiten zuten ihes: Etxarri Aranatzera, Elizondora, Doneztebera edota Zarautzera. Leku horietan festaz gain kirola ere egiten zuten.
Hala ere, egin dituzten bazkari eta afari guztien artean badituzte hainbat txoko eta pasarte kuttun, eta horietako batzuk aipatzearren, ondorengoak azpimarratzen dituzte beti: Hernanin Lau Bidieta eta Elur Txori elkartea, eta Hernanitik at Baztango bazkaria eta Intxaurrondon egindako afaria.
Kirolean ere iaioak
Edan eta Lo, esan bezala, parranda zaleetan parranda zaleenak diren arren, kirol zaleak eta kirolean finak ere badirela edo izan direla argi adierazten dute. Hala, taldean arraunean, futbolean, errugbian eta palan federatuak izandako hainbat lagun daude eta inguruko herrietan egindako egonaldiak aprobetxatuz antolatu izan diren areto futbola, pilota eta txirrindularitza txapelketetan parte hartu izan dute.
Mendian ere aritutakoak dira Edan eta Lo koadrilakoak. Oso gogoan dituzte Goizuetara menditik egindako ibilaldiak edota urte bukaeran Adarra mendira egindako igoerak.
Herri girotsua Hernani
Hernanik parrandarako duen sonaren inguruan galdetuta, Antonio Martinek dio betidanik izan duela fama hori, eta horren erantzule Hernaniko koadrila eta festa eragile ezberdinak izan direla dio. San Juanak festa erreferenteak dira, bere ustez, Gipuzkoa mailan, nahiz eta azken aldian egunez egiten den parrandak indarra galdu duen, eta gaueko giroak ordezkatu duen.
Antonio Martin San Juan jaien jarraitzaile leiala izan da urte guzti hauetan eta ahal izan duen guztietan festaz gozatu du, soldaduska egitera behartu zuten garaian eta Santiagoko bidea egin zuen urtean salbu.
Bestalde, garaian neskak eta mutilak nahastuak zeuden koadrilak topatzea arraroa zen, baina gaur egun koadrila asko dira halakoak, eta horren inguruan, Martinek dio polita dela neska eta mutilak batera dauden lagun taldeak ikustea. Egun, gainera, gazte koadrila gehiago ikusten dituela aitortzen du, nahiz eta gehienen kide kopurua txikiagoa dela uste.
«Etorkizunean mantendu beharreko iniziatiba da brindisa»
Koadrila eguneko lehen brindisa beraiek egingo dute eta horri buruz Martinek gauza bat garbi du: `Koadrilen eguneko bazkaria eta brindisa egitean asmatu egin dute, izan ere, pozgarria da koadrilen arteko batasun eta laguntasun hori ikustea, eta etorkizunerako oinarriak finkatzea ere oso garrantzitsua dela uste dut, eta horrek asko alaitzen gaitu´. Orain gutxi sortutako iniziatiba den arren, eraikitzailea eta denboran zehar mantendu beharrekoa dela uste du.
Horrez gain, bidean geratu diren lagunek beti izango dute beren txokoa taldean, eta aurten ere, beste urte batez, gogoan izan nahi dituzte haien ondoan ez dauden koadrilako kide ziren Jokin Otxotorena, Luis Martin eta Koldo Berrondo.
Beraz, Gudarien enparantzan ikusteko aukera izango ditugu Ekainaren 25ean Edan eta Lo koadrilako kideak, betiko ilusio, gogo eta indar berarekin koadrilen eguneko ekitaldi eta ospakizunen barnean antolatu den omenaldian. Azken hau eguerdiko 13:00etan izango da, eta ondoren herri bazkariaren txanda izango da 14:00etan.