Duda izpirik ere ez du egin Paco Goyak gazte denborako San Joanen inguruan galdetzean. «Lehengo San Joanak alaiagoak izaten ziren; kalean gehiago bizitzen ziren».
Musika, festaren ardatz
Egitaraua ez zela horren zabala-eta, bi gauza nabarmentzen ziren Goyaren ustez, San Joan jaietan: txarangak eta Tilosetako bailableak.
«Orduan ez zegoen pub edo txosnarik! Musika bera izaten zen giroa, baina kalean! Gehien-gehiena, txarangak gustatzen zitzaizkigun; ez zen egoten atzean saltoka 50 pertsona baino gutxiago zituenik».
Baina txaranga bakarrik ez; Tilosetako bailableak ere ez ziren nolanahikoak izaten, Goyaren esanetan. «Loiolako banda militarra etortzen zen Tilosetara San Joan jaietan! Eta beraiekin batean gonbidatutako beste bandaren batek jotzen zuen: Errenteriakoak-edo. Eta nola ez, bandaren atsedenaldietan txistulariak aritzen ziren!».
Gauetan, lo!
Beste aldaketa nabarmen bat ere nabaritzen du Goyak lehengo eta oraingo San Joan jaien artean: ordutegia!
«Gaur egun, zaharrenak etxeratzen garenean ateratzen dira gazteak kalera. Lehen ez zen horrelakorik gertatzen! Programan zegoena hartzen genuen kontuan, eta hori egunean zehar izaten zen, bai zaharrentzat eta baita gazteentzat ere!».