«San Joanek beti balio izan dute familiak elkartzeko»

Kronika - Erredakzioa 2013ko eka. 23a, 02:00

Mugimendua nabaria da Goiz Eguzkiko egoitzan. Batzuk abesbatzako entse­gura etorri dira, beste batzuk gimnasian izena ematera, eta beste asko urteko kuota ordaintzera.
Jo eta su lanean ari dira Patro Montenegro eta To­mas Alonso bulegoan, kuo­tak kobratzen. Txaro Etxarri, berriz, datozen ekintzak iragartzeko karte­lak pres­tatzen ari da. Jose Miguel Arana eta Jose Mari Toma­sena ere hor nonbait dabil­tza, ezin geldirik egon, eta Javier Doval, berriz,  itzuli berria da oporretatik, San Joanetarako indarbe­rrituta. Paco Goya izan da Kronikari tartetxo bat egin diona: «eskerrak Zuzenda­ritza Ba­tzorde honi! Lana errazten didate!».
 
Lehengo urtean 40garren urteurrena ospatu zenuten, eta, aurten, San Joan jaiei hasiera eta bukaera ema­teko zuek aukeratu zai­tuztete. Pozik?
Oso pozik! Ez genuen es­pero eta sorpresa haundia izan da. Ilusio haundiarekin jaso dugu berria. Pozgarria da ikustea Hernaniko herriak gugan pentsatu duela, horrek esan nahi baitu guztien onurarako egiten dugun gure eguneroko lana kon­tuan hartzen duela.

Nortzuk igoko zarete udaletxeko balkoira?

Goiz Eguzkiko Zuzendaritza Batzordeko 7 kideak igoko gara. Lehenengo zapia jarriko digute, eta segidan aterako gara balkoira, bandera igotzera. Etxeferoa, berriz, nik botako dut. Baina denok hartu behar dugu parte! Goiz Eguzkiko kide guztiak txupinazora etor­tzea espero dut!

Jaietako protagonistetako batzuk zaretenez, ezer berezirik prestatu duzue?
Egia esan, egitaraua aurreko urteetako bera da. 26rako antolatu ditugu gimnasia erakustaldia, kale-jolasak, sari banaketa eta luntxa. Azken hau izaten da ga­rran­tzitsuena! 300dik gora per­tsona etortzen dira!
Nahikoa ahalegin egin behar izan dugu egitarau hau manten­tzeko. Izan ere, krisiak denongan du eragina, eta aurten, Jai Batzordean erabaki da gure aurre­kon­tua %50 jaistea.

Gainontzean, nola ospa­tzen dituzue San Joanak?
Normalean, nahiko modu pertsonalean. Aurten bere­ziagoa izango da, bandera jaitsiera eta igoerak aukera haundiagoa ematen baitigu elkartzeko eta zerbait har­tzera joateko.
Beste urteetan ere elkartzen gara, baina, orokorrean, nork bere kabuz ospatzen ditu.

Eta nola ospatzen zeni­tuzten zuen gazte denboran?
Poltsikoan errealik eduki gabe dibertitzen ginen. An­bulatorio atzeko Buxkando merenderora joaten ginen, eta bi bokata eta sagardo botila bat hartzen genituen sei lagunen artean. Bestela, sagardo botila bat hartu, gaseosarekin nahastu eta porroia batak besteari pasaz eguna egiten genuen!
Bestalde, giroa familiar­te­koagoa izaten zen. Denok ezagutzen genuen elkar eta... Adibidez, Tilosetako komonetara joateko ema­kumeek ordaindu egin be­har izaten zuten, baina dirurik gabe baldin bazinen, pasatzen uzten zizuten. Edo aterkia etengabe eskuan eraman beharrean, komo­netako emakumeak zain­tzen zizun...

Zeren falta sumatzen duzue egungo jaietan?
Dibertimendu sanoa. Balore batzuk galdu egin dira. Laguntasuna desberdina da orain. Bokadilloa hartzeko nahikoa diru ez bagenuen, biren artean hartzen ge­nuen. Zoriontsu ginen horrela.
Hala ere, bada aldatu ez den zerbait: San Joanek beti balio izan dute familiak el­kartzeko. Lehen denek ikas­ten genuen Biteriko ‘uniber­tsitatean’, eta, beraz, lagu­nak urte osoan zehar ikusten ge­ni­tuen. Baina San Joanek balio zuten familiak elkartu eta batzeko; aspal­di ikusi gabeko senitar­te­koak elkartzen ginen. Gaur egun hori mantentzen da.

Zer gustatzen zaizue gehien eta zer gutxien?
Gehien, egiten diren eki­tal­di gehienetan jendeak duen parte-hartze haundia. Gu­txi­en, gaueko ordu txikitan izaten den zarata!
Bestalde, adinekoei begi­ra gauza gehiago antolatzea falta dela uste dut. Proposa­mena ere egin genuen aurtengo Jai Ba­tzordean, adibidez, su-artifizialak be­rres­kuratu zitezen. Izan ere, horrek aukera ematen zigun bilobekin ateratzeko, zerbait hartzeko aitzakia izateko, gau entretenigarri bat pasatzeko... Baina ez dago dirurik!

Bukatzeko, aholkuren bat, hemendik 40 urtera eto­rriko diren San Joanetan zuen sasoi onarekin ibiltzeko
Ez naiz gazteei aholkuak ematen ibiltzearen aldekoa. Baina, bateren bat aipa­tzekotan, egiten dituzten ekintzen kontzientzia izan dezatela. Eta garrantzitsu­ena: alaitasuna ezin dela erosi, norberarengan jaio­tzen den zerbait da.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!