Carlos Urquijo Espainiako gobernuaren ordezkariak Espainiako bandera udaletxean jartzeko agindua emana du eta horren aurrean, ekitaldia antolatu du Hernaniko EH Bilduk, ikurriñaren omenez. Arratsaldeko 20:00etan izango da Gudarien plazan eta ondoren manifestazioa egingo dute. «Espainiar estatuaren inposizioa salatzeko», herritar guztiei parte hartzeko dei egiten diete eta baita etxeetako leiho eta balkoietan ikurriña zintzilikatzeko ere.
«Gatazkaren erresoluzioaren aurkako beste ekimen bat da»
EH Bildutik azaldu dutenez, «espainiar bandera jartzearen agindua gatazkaren erresoluzioaren aurkako beste ekimen bat da. Arlo sinbolikora eraman nahi dute gatazkaren erresoluzio eza, hau da, Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubide demokratikoaren ukazioa. Fase berriaren aurrean, PP deseroso dagoen seinale da».
«Errespetu falta
azaltzen du»
Gaineratu dutenez, «espainiar banderak ez du inoiz herri hau ordezkatu; ez lehen eta ez orain. Espainiako bandera gure herrian zigor mehatxupean ezarritako sinboloa da». Eta azpimarratu dute, neurri horrek azaltzen duela hernaniarren borondatearekiko errespetu falta eta askatasunez erabakitzeko eskubidearen ukapena; «herritar gehienen nahiaren aurka eta bere ordezkarien erabakimenaren kontra ezartzen den sinboloa baita».