Urumea ikastolako Elkanoko eraikinaren patioak (parkin zatiak) kezka sortu du gurasoen artean, Udalak parkin bezala erabiltzeko asmoa azaldu baitu, eskola orduetan ere. Horren aurrean, mobilizazioak deitu ditu guraso elkarteak, «Gobernu Taldearekin bildu eta arazoa konpondu bitartean». Lehenengo kontzentrazioa gaur goizeko 09:00etan izango da udaletxe aurrean (atzo ezin izan zuten egin).
Horrez gain, ostegunero ferian egingo dute kontzentrazioa 17:00etan. Beharrezko alegazioak ere sartuko dituztela azaldu dute eta sinadurak biltzen ari dira Udalean eta Hezkuntza Delegaritzan sartzeko. Urumeak antolatzen duen marrazki lehiaketan bilduko dituzte igandean eta ekainaren 27an.
«Erabilera beste urtebetez luzatzea eskatzen dugu»
Urumeako Elkanoko eraikina beste ikasturte batez egongo da martxan (gero bota egingo dute). Hori horrela, gurasoek eskatzen dute patioaren erabilera ere beste urtebetez luzatzea: «urtebetez luzatzea eskatzen dugu, bestela, 10-12 urteko 100 ume jolastokirik gabe geratuko dira. Eta ez hori bakarrik, eraikinetik ateratzen diren bakoitzean parkin baten erdian egongo dira».
Herriko taldeekin hitz egin beharra
Gobernu Taldeak jakinarazi du, gaia berriro aztertuko duela erabaki definitiboa hartu aurretik. Gurasoen ordezkaritzarekin biltzeko konpromisoa ere hartu du, uztailean. Eta beraiekin bezala, herriko beste taldeekin eta herritarrekin hitz egitekoak dira; hala nola: Lizeagako auzotarrekin, Berriak elkartearekin, Institutuko ordezkariekin, Urumea ikastolako zuzendaritzarekin, Delegaritzakoekin... Gaia, dagokion batzordetik ere pasako dela gaineratu dute eta bertan egongo direla oposizioko alderdi politikoak. «Izan ere, proiektu zabalago batean kokatzen da gaia: trafikoaren bideragarritasuna, bide gorriak, auzoko aparkaleku arazoa, Berriak elkarteko eskaerak aparkalekuak jartzeko, erosketak egiteko egokitasuna dela eta... Hori horrela, Udaleko sail desberdinak gabiltza elkarlanean», azaldu dute.
PSE-EE eta EAJren babesa
Sozialistek jakinarazi dute gurasoekin bildu zirela asteazkenean eta euren esku dagoen guztia egingo dutela arazoa konpontzeko. EAJk ere jakinarazi du, babestu egiten dituela Urumeako gurasoen elkarteak egingo dituen ekintzak.