Datorren astean San Joanak direla eta, ez ohiko Plenoa izan zen asteartean. Bertan, hiru mozio onartu zituzten; besteak beste, Bandera espainiarraren ingurukoa. Espainiako Gobernuak bandera espainiarra udaletxean jartzeko agindua emana du eta Gobernu Taldeak azaldu zuen legea bete beharrean aurkitu direla, «gure sentimendu eta nahien kontra, etorri den epaia, irmoa izanda». Hori horrela aurkeztu zuten mozioa Plenoan eta honakoa onartu zen: «Espainiar bandera ezartzera derrigortzen gaituen legearen inposizioa salatu nahi du Udalak eta bere erabateko desadostasuna adierazi; Espainiako bandera zigor mehatxupean ezarritako sinboloa da gure erakundean; errespetu falta azaltzen du hernaniarren borondatearen aurrean eta erabakitzeko eskubidearen ukapena». Horrez gain, Udalak ikurriña jarriko du Gudarien plazan, masta batean, «merezi duen presentzia izan dezan». Eta larunbatean ekitaldia izango da ikurriñaren omenez. Herritarrei dei egiten diete parte hartzeko eta etxeetako leiho eta balkoietan ikurriña jartzeko.
«Irudia garbitzeko da
ekitaldia»
Gobernu Taldearen aldeko botoekin onartu zen mozioa; oposizioa abstenitu egin zen. EAJ-PNVk eta H1!ek zentzu berean hitz egin zuten: «Orain arte, beste formazio politikoek legea bete behar izan dutenean Bildu kritiko azaldu da. Baina orain berari tokatu zaio eta irudia edo kontzientzia garbitzeko Ikurriñaren aldeko ekitaldia antolatu du. Hori horrela, ez dugu parte hartuko». Sozialistek azaldu zuten besteen sentimenduak eta omenaldia errespetatu arren, ez direla banderen arteko gerran sartuko eta ez direla ekitaldira joango.
24 sahararren aurkako
epaiketa militarra, salatu
Mendebaldeko Saharan egoera okertu egin dela eta, Kooperazio Taldeak mozioa aurkeztu zuen Plenoan. Aho batez onartu zen, honakoa: «Marokoko Erresumak okupatutako lurraldean bizi den saharar populazioaren eskubide zibil eta politikoak aldarrikatzen ditugu; Marokoko agintariei eskatzen diegu eten dezatela ekintzaileen kontrako jazarpena eta askatu ditzatela preso politikoak; salatu egiten dugu duela gutxi egindako epai militarra 24 sahararren kontra; berretsi egiten dugu saharar herriaren autodeterminazio eskubidea; Espainiako Gobernuari eskatzen diogu bete dezala dagokion papera eta onartu dezala Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa estatu independente bezala...».
Gesto por la Pazen aldeko mozioa, onartuta
PSE-EEk Gesto por la Paz taldearen aldeko mozioa aurkeztu zuen, urte hauetan egindako lana onartzeko eta eskertzeko, besteak beste. Onartu egin zen. Oposizioak alde bozkatu zuen eta Gobernu Taldea abstenitu egin zen, ez duelako guztiz bat egiten egindako irakurketarekin.
Urumeako patioarekin arazoak
Ez ohiko Plenoa izan zen asteartekoa eta gaiordenetik kanpo zeuden gaiak ezin izan ziren landu. Dena dela, Urumeako gurasoak bertan izan ziren eta Elkanoko eraikinaren parkinarekin sortu den arazoaren berri eman zuten eta Udal ordezkariei eskatu zien egoera berriz aztertzeko.
Arazoaren muina honakoa da: orain arte, Elkanoko eraikineko umeek, ondoan dagoen parkineko zati bat erabili izan dute eskola orduetan, jolastoki bezala. Udalak, ordea, asmoa azaldu du parkin hori, parkin bezala erabiltzekoa bakarrik, baita ikastola orduetan ere (beste proiektu batzuk tarteko eta beste elkarte batzuen eskaera dela eta). Hori horrela, bertako 100 ikasle patiorik gabe geratuko liratekeela salatu dute gurasoek eta neurri horren kontra azaldu dira. Elkanoko eraikineko ikasleak beste kurtso batez bakarrik egongo dira bertan (eraikina bota egingo baitute) eta patioaren erabilera beste urte betez luzatzea eskatzen dute.
Gobernu Taldeak gaia berriz aztertuko duela azaldu zuen eta uztailean gurasoekin biltzekotan geratu da.
Kontzentrazioak, gaur
Arazoa konpondu bitartean, mobilizazioak deitu dituzte gurasoek. Gaur kontzentrazioak izango dira 09:00etan udaletxe aurrean eta 17:00etan ferian.