Greba egunarekin bat, manifestazioa eta kontzentrazioa egin zituzten atzo metalgintzako langileek Hernanin. Bihar Donostian izango da.
Bigarren greba eguna izan zuten atzo Gipuzkoako metalgintzako langileek, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta. Deialdi horrekin bat eginez, manifestazioa eta kontzentrazioa egin zituzten Hernanin. Azaldu zuten patronalaren urduritasuna nabari dela, «grebako datuak desitxuratzen eta gezurretan ari baita». Eta gaineratu zuten enpresa askotan paktu eskaintzak ari direla egiten, «inolako blindajerik gabe». Horren aurrean, argi utzi zuten herrialdeko hitzarmena dela tresna bakarra sektore osoaren eskubideak ziurtatzeko etorkizunean. «Ezin dugu galtzen utzi! Adegiri ozen esan behar diogu gure eskubideen alde borrokatzeko prest gaudela, gure eskubideak defendatuko ditugula eta etorkizun duin bat izan nahi dugula!». Bihar, hirugarren eta azken greba eguna deitu dute sindikatuok eta manifestazioa izango da Bulebarretik, 11:30etan.
ELAk bere aldetik, 5 eguneko greba deialdia egina du eta gaur eta bihar ere greba deitu dute.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!