«Epaiketa politiko baten atarian gaude berriro; bake prozesuari erasotzea da helburua»

Kronika - Erredakzioa 2013ko eka. 18a, 02:00

Urrian hasiko da ezker abertzaleko 40 kideren kontrako epaiketa, herriko tabernen kasua deitu diotena. Tartean da hernaniar bat. Garin taberna eta plaza berriko lokal bat ere auzibidean dira.

Urriaren 17an, 35/02 su­ma­rioaren epaiketa hasiko da espainiar estatuko Auzitegi Na­zionalean, herriko tabernen kasua deitu diotena. Ber­tan, ezker abertzaleko 40 kide epaituko dituzte, tartean, hernaniar bat: Juanpe Plaza. 10 urteko kar­tzela zigorra eska­tzen diote. Garin taberna eta Plaza Berriko lokal bat ere ka­su honetan sartuta daude. Ho­ri guztia salatzeko, kon­tzentrazioa deitu zuen Her­naniko Sortuk ostegunean. «Epaiketa politiko baten atarian gaude berriro. Eta go­bernu espainiarraren helburua da Euskal Herrian irekitako agertoki berria eraso­tzea; bakea eraikitzeko prozesuari eraso egitea», azaldu zuten.

«Gatazka betikotu nahi du PPk»
Euskal Herriarentzat, estatuak ez daukala agenda demokratikorik gaineratu zuten: «Bakearen beldur da, badakielako herri honi bere etorkizuna erabakitzeko aukera irekitzen zaionean, estatu bat eraikitzea erabakiko duela gehiengoak. Ho­rren jakitun, gatazka betikotu nahi du PPk».

«Neurriko erantzuna emango diegu»
«Euskal herritarrok, bake eta askatasun prozesuaren alde gauden guztiok, neurriko erantzuna emango diegu herri moduan, arrazoi demokratiko osoz, erabakiak hartuz eta aldebakartasunetik. Konponbide prozesuari eutsi dio Euskal Herriko gehiengo politiko eta sozialak, nazioarteko komunitatearen eskutik, eta bakea eraiki eta askatasuna eskuratzera doa gure herria», azpimarratu zuten. Indarrak pilatzeko dei egin du Sortuk, «epaiketa eta eraso politikoen aurrean, konponbidearen alde egiteko». Bide horretan, kalera atera eta mobilizatzeko beharra azpimarratu du. «Borrokaz egin du gure herriak aurrera eta bo­rroka eta lanaz eskuratuko du­gu bakea eta askatasuna». Datozen hilabeteetan ekimen ezberdinak izango dira he­rriz herri.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!