Metalgintzan ari diren langileek greba eguna zuten atzo, herrialdeko hitzarmenaren alde eta Espainiako Lan Erreformaren aurka. Alde batetik, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek egin zuten deialdia. Manifestazioa ere deitu zuten eta azaldu zutenez, %70ek egin zuen greba Hernanin eta %65ek Buruntzaldean. Mezu sendoa ere bidali zioten Adegiri: «Ez dugu bazterrean utziko herrialdeko hitzarmena eta ez dugu utziko Lan Erreforma aplikatzen gure herrian». Eta gaineratu zuten: «ez da egia herrialdeko hitzarmenak ezin direla blindatu. Adegiren interpretazioa da hori eta ez dugu sinesten! Ez gaituzte engainatuko!». Borrokatzea beste biderik ez dagoela azpimarratu zuten, «patronalaren posizioa mugitzeko». Herrialdeko hitzarmenaren beharraren garrantzia ere azpimarratu zuten: «Gipuzkoako metalak hitzarmen bat behar du sektorearen biziraupena ziurtatzeko, gure eskubideak ziurtatzeko eta garrantzitsuena, etorkizun duin bat izateko!».
Bihar eta ostiralean greba eta mobilizazioak
LAB, CCOO eta UGTk bihar eta ostiralean ere greba deitu dute. Horrez gain, bihar manifestazioa izango da 11:30etan Plazatik abiatuta eta kontzentrazioa 20:00etan Zinkoenean. Ostiralean ere manifestazioa izango da 11:30etan, baina Bulebarretik abiatuta.
ELAk, bost eguneko greba
ELAk bere aldetik, ostiralera bitarte egunero deitu du greba, enpresa konbenioen alde.