Gipuzkoako Diputazioak hainbat aldaketa egin ditu garraio publikoan. Hernaniri dagokionean, G3 autobus zerbitzuak (Andoain-Ospitaleak) ordu erdiko maiztasuna izango du, eta
Usurbil-Astigarraga linea zena, Hernanin bukatuko da orain eta Zubietatik ere pasako da.
Autobus zerbitzu berriak jarriko ditu martxan Gipuzkoako Diputazioak. Denera zortzi zerbitzu berri izango dira eta Hernanin bi jarriko dira. Alde batetik, G3 zerbitzua indartuko da, hau da, Andoain-Urnieta-Hernani-Ospitaleak linea (Garayar) eta ordu erdiko maiztasuna izango du, ordubetekoa izan beharrean. Hori horrela, G2aren ordutegia kontuan hartuz, 15 minutuko maiztasuna izango da Andoain-Urnieta-Hernani artean.
Bestetik, Usurbil-Zubieta-Lasarte-Urbil-Hernani (TSST) linea egongo da. Lehen, zerbitzu hori Astigarraraino iristen zen eta orain Hernanin bukatuko da. Dena dela, Hernani eta Astigarraga lotzeko zerbitzuek 15 minutuko maiztasuna dute eta transbordoa egin daiteke Hernanin. Horrez gain, Zubietako bizilagunak Usurbil-Ospitaleak (TSST) linean sartuta zeuden lehen eta orain Hernaniko linea honetara pasako dira. Dena dela, Lasarten, ospitalerako transbordoa egiteko aukera izango dute 5 minutuko tartean. Bi zerbitzu hauek uztailaren 1ean jarriko dira martxan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!