«Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea dauka. Hori oinarri demokratiko bat da. Eta dinamika honen helburua da demokrata guztiak elkartzea, ez abertzaleak bakarrik. Autodeterminazioa ez da helburu politikoa, helburu prepolitikoa da; eskubide demokratiko horren bidez, bakoitzak erabakiko du ze bide politiko hartu nahi duen», azaldu zuen Angel Oiarbidek ostiralean Biterin. Oiarbide Gure esku dago ekimeneko kidea da eta Gure esku dago, Euskal Herri mailan martxan jarri den herri dinamika da, erabakitzeko eskubidearen alde lan egiteko. Oiarbidek gaineratu zuen, perspektiba haunditu, berdintasunak bilatu eta batzeko momentua dela. «Euskal Herrian sortu behar dugu sare bat zabala, sendoa eta anitza. Oinarrizko hiru ideia honakoak dira: nazioa gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarren garaia da. Horretan behintzat bat egiten badugu, elkartu gaitezen».
«Orain da momentua»
Dinamika martxan orain jarri izanak badu bere arrazoia: «Europa mendebaldean hainbat mugimendu izaten ari dira autodeterminazioaren inguruan (Eskozia, Flandes, Katalunia...) eta ho-ri aprobetxatu behar dugu, hau ez da berriz pasako. Dauzkagun baldintzak aprobetxatu behar ditugu, bestela damutu egingo gara. 2014an Eskozian egingo da erreferenduma eta mugarri historikoa izango da, mundu mailan. Hemendik aurrera, demokrata izateko estatu bati exijitu egingo zaio erabakitzeko eskubidea onartzea».
Batzordeak, herrietan
Herrietan batzordeak sortzen ari direla azaldu zuen Oiarbidek eta Hernanin ere batzordea sortzera animatu nahi ditu herritarrak. «Batzordeek izan behar dute anitzak, sentsibilitate ezberdineko jendea bildu behar da», nabarmendu zuen. 2013-2014ko plangintza osatzea izango da zeregina.
Euskatalba eta giza-katea
Herri ekimenak hainbat ekintza antolatu ditu dagoeneko Euskal Herri mailan. 2014ko apirilean, Euskatalba izango da. 3 eguneko festa, Donostian. Katalunia, Eskozia eta Euskal Herriak bat egingo dute. 2014ko ekainaren 8an, berriz, giza-katea egingo da Durangotik Iruñeara: 130 km. 50.000 lagun bildu nahi dituzte. Eta 2014ko udazkenean, nazio ezberdinen arteko topaketa izango da.