Aurten ez da Hernani Herriarteko finalean izango. Tolosaren kontra bi partidu galdu zituzten atzo ere, eta bakarra irabazi, eta beraz txapelketatik kanpora geratu dira final laurdenetan.
Kadeteek 22-7 galdu zuten eta jubenilek 22-8, Tolosako bi bikote onen kontra. Nagusietan 22-5 irabazi zuten Arrietak eta Aizpitartek, baina ezer jokoan ez zela. Pelotazaleek erantzun ona eman zioten arduradunen deiari, eta kiroldegiko frontoia itxuroso zegoen, giro politean. Kadeteetan Rodriguezek eta Cisnerosek zaila zeukaten irabaztea, baina horrez gain, ez zuten beren partidurik onena egin. Jubeniletan egon zitekeen klabea, eta hor ere, Altuna anaiek ez zuten beren mailarik eman. Hirugarren partiduan, ezer jokoan ez zela, erakustaldi polita eman zuten Arrietak eta Aizpitartek.Aurtengoz agur, beraz, Herriartekoari, baina datorren urteetarako traza ona hartzen zaio taldeari, pelotari berri asko baitago taldean. Infantiletan 16 pelotari badira, eta alebin eta benjaminetan oraindik gehiago omen daude apuntatuta. Harrobia badu beraz, Hernanik, puska baterako.