Beste behin ere Sergio Roman izan zen atzo azkarrena, Axeri Bila proban. Legazpiko Ruben Lanzek gerra haundia eman zion hernaniarrari baina, ez zuen gainditu, eta azken esprinean Romanek irabazi zion, 29:25 denbora eginda. Nesketan Izaro Rubio ordiziarra izan zen azkarrena, 35:14 denbora eginda.
Guztira 295 korrikalari iritsi ziren helmugara, eta txalo gehien jaso zituena Joxe Mari Murua izan zen, berari eman baitzioten korrikalari herrikoienaren saria, 70 urteotan izan duen ibilbideagatik. Lehendabiziko dortsala ere eman zioten Muruari.
Karen Ortiz de Guinea eta Ibai Alba, bikain
Lehendabiziko hernaniarraren saria Ibai Albak eta Karen Ortiz de Guineak jaso zuten. Sergio Roman eta Eduardo Gallego izan ziren lehenengo eta hirugarren hernaniarrak, baina lehen sariak jaso zituztenez, Albari eman zioten hernaniar onenarena, bosgarren tokian iritsi baitzen helmugara. Nesketan, Karen Ortiz de Guinea izan zen lehenengo hernaniarra.
Beteranoetan, Lide Azkue eta Victor Madejon
Beteranoak ere ez ziren atzera geratu atzo Axeri Bilan. Victor Madejon irundarrak irabazi zuen mutiletan, eta orokorrean 9garren sartu zen gainera. Nesketan, hiru lehendabizikoak beteranoak iritsi ziren eta laugarrenari eman zioten beterano onenaren saria, Lide Azkue markinarrari hain zuzen ere.
Giro ederra eta jendetza haundia bildu zen atzo Hernaniko kaleetan korrikalariak ikustera, eta datorren urtera arte agurtu zuten, beste edizio bat.
XII. AXERI BILA EMAITZA GUZTIAK HEMEN