Hernani, Donostia eta Errenteriako mugetan, ibai eta pagadiekin gozatuz

Kronika - Erredakzioa 2013ko eka. 16a, 02:00

Uso­kori bira, Sagar­dote­gietako buelta eta Larre­gaingo buelta izan dira Kronikak orain arte proposatutako ibilbideak. Honakoa, laugarrena da: Oberan. Ibilbide homologatua da, hau da, markatutako ibilbidea eta marka txuri-horiei jarraitzea besterik ez dago. Hernani, Donostia eta Errenteriako mugetan barrena ibiliko gara. Ibilbide hau, aurrekoak bezala, Herna­niko Udalak, Men­diriz Men­dik eta Aranzadik elkarlanean osatutako Ibil­bide Sarea­ren parte da. Dene­ra, 11 ibilbide dau­de.

Urumeak Hernanin duen gune ezezaguna
Urumea ibaia Nafarroan sortu eta Goizueta eta Aranoko udalerrietatik pasa ostean, Gipuzkoako lurretan sartzen da Donostian itsasoratzeko. Aurretik, Hernani zeharkatzen du, besteak beste. Ibilbide honek erakusten digu, Urumeak Hernanin duen gune ezezagunetako bat eta aukera ematen digu kalitate bikaineko ur hauen albotik pasatzeko. 

Egoera onean dagoen pagadia
Pagoz osatutako baso itzal­tsua osatzen du Oberanek. Euskal Herriko gune askotan baso-landaketek pagoaren le­kua ordezkatu badute ere, Oberanen oraindik ere aurkitu dezakegu egoera oso one­an kontserbatzen den pagadia. Eta duela 100 urtera arte Her­naniko lurretan aurkitu ge­ni­tzakeen pagadi zabal eta ederrak irudikatu ditzakegu. yy

Ibilbidea PDF formatuan: www.kronika.net

Ibilbidearen nondik-norakoak

·Ibilbideak 10,7 km ditu, lau ordutan egiten da, eta 800 metroko desnibela du. Gaur egun, ibilbide hau marka txuri-horiz seinalizatuta dago, bere osotasunean. PR-Gi 1001 izenarekin balizatuta dago.

Nondik hasi?
Ibilbidearen hasiera Ugaldetxo taberna-jatetxean dago, Hernani eta Goizueta herriak lotzen dituen GI-3410 errepidearen 8,7 kilometroan. Urumea ertzeko aisialdiguneak eta bertan dagoen frontoia dela eta, uda inguruan jende asko biltzen duen tokia da. Inguruan ez dugu aparkatzeko zailtasunik izango.

0.- 0km - 0h 0m - Ugaldetxo: Ibilbidea Ugaldetxo jatetxean hasiko dugu. Ibaia eta jatetxearen artean doan pista hartu eta 250 metrotara bidebanatze bat aurkituko dugu.
1.- 0,2km - 0h 04m - Bidebanatzea: Eskubira egingo dugu erreka zeharkatuz. Pista honi jarraituz, 300 metrotara ere bidea bitan banatzen da.
2.- 0,6km - 0h 12m - Bidebanatzea: Ezkerreko bidea hartuko dugu, aldapa gora. Hemendik 10 bat minututara, bideak bitan egiten du berriro.
3.- 1,5km - 0h 22m - Bidegurutzea: Ezkerrera hartuko dugu, aldapa gora. Pista hau jarraituz, 350 metrotara, errekasto baten gainetik pasa ahala, bidebanatze bat topatuko dugu.
4.- 1,9km - 0h 27m - Bidebanatzea: Eskubira hartuko dugu bidea. Bide hau pixkanaka Urumea ibaiaren ubidera jaitsiko da. Ondoren, igoera txiki baten ostean, pistak behera egiten du eta bailara txiki bat inguratzen du, bidean errekasto bat zeharkatuz. Gero, aurrerago baserri bat topatuko dugu. 
5.- 3,0km - 0h 50m - Desbideratzea: Baserrira iritsi baino 100 metro lehenago, ezkerretara, aldapa gora doan bidea hartuko dugu. Hemendik aurrera, beti gora eginez, aldapa gogor bati ekingo diogu zuzen, pista batetik hasieran eta bidezidorretik beranduago (ordubete inguru). Igoeraren azkeneko zatia konifera landaketa baten azpitik egingo dugu, bide ez oso argi batetik. Zati honetan aurkituko ditugun mugarriek bidea jarraitzen lagunduko digute gaina hartu arte. Bidea bere altuera haundienera iristen denean, Saratseko gailurra gure eskubian utziko dugu, metro gutxitara. 
6.- 4,4km - 1h 55m - Saratzeko gailurra: Puntu honetatik aurrera, gainez gain joango gara pagadi baten azpitik. Bidean zehar mugarriek osatzen duten lerroa jarraituko dugu. Mugarri guztiek zenbakia dute. Adi egon beharko dugu bidearen norabidea guztiz aldatzen baita MP121 bezala markatutako mugarrian.
7.- 5,0km - 2h 10m - MP121 mugarria: Ezkerretara aldapa behera egin beharko dugu, mugarrien lerroari jarraituz. Mugarrien lerro hau ia 20 minutuz jarraituko dugu tontor batera heldu arte. Tontorraren ondoan MP133 mugarria dago.
8.- 5,7km - 2h 30m - MP133 mugarria: Mugarrien lerroa beste 20 minutuz jarraituko dugu MP147 mugarrira iritsi arte.
9.- 7,0km - 2h 55m - MP147 mugarria: Mugarri hau pasa eta zenbait metro aurrerago bidebanatze bat aurkituko dugu. Hemen ezkerreko bidea hartuko dugu. Baso ilun batean sartu eta bide lau batetik jarraituz, 15 minutu beranduago aurrera jarraituko dugu, ezkerretatik datorren pista baztertuz. Segituan beste bidebanatze batera iritsiko gara.
10.- 7,8km - 3h 10m - Bidebanatzea: Ezkerretara, aldapa behera doan bidea hartuko dugu (eskubitik gora, Malma­zarrera doana, ez). Berehala, pinudi batean sartu eta metro gutxitara adi egon behar dugu: bidegurutze bat, ez oso nabarmena, jarraitu behar baitugu.
11.- 8,1km - 3h 16m - Bidegurutzea basoan: Aurrera jarraituko dugu (eskubira eginez gero, Artegietako gainera igoko ginateke) eta laster eroritako baserri baten albotik pasa beharko dugu. Bide honek aurrera jarraituko du sigi-sagan, aldapa haundiarekin behera eginez. Sigi-saga amaitzean, pista zabal batekin egingo dugu topo.
12.- 9,1km - 3h 32m - Pista: Pistarekin topo egitean, ezkerrera aldapa behera hartuz, Aparraingo atsedenlekura iritsiko gara.
13.- 9,4km - 3h 37m - Aparrain: Atsedenlekua inguratu ostean, pista zabaldu egiten da eta pixkanaka behera doa. Beti behera eginez, bide honek, bat egingo du ibilbidearen hasieran hartu dugun bidearekin.
14.- 10,5km - 3h 57m - Bidebanatzea: Hemendik, bide ezaguna dugu, eta minutu gutxira hasierako puntura iritsiko gara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!