Gipuzkoako metalgintzako langileei grebarako deia egin die LAB sindikatuak, Probintziako Lan Konbenioaren defentsan. Hiru eguneko greba da, eta aste honetan egingo dute: bihar, asteazkenean eta ostiralean. Prentsa oharrean adierazi duenez, momentu honetan bi planteamendu dituzte langileek aurrean. «Lehenengoa, LABek deitutako hiru eguneko greba, hitzarmen sektorialaren bidez langileei irtenbide integral bat ematearen alde. Eta bigarrena ELAk deitutako bost eguneko greba, enpresa hitzarmenaren alde»
Gero eta egoera txarragoa
LABek dioenez, maiatzaren 24ko grebaren emaitza eta gero, langileen kontrako mehatxuak biderkatu egin dira, «inoiz ezagutu ez den bezala. Greba eginez gero kaleratzeak izango direla eta abar...».
«ELAri eskatzen diogu erantzunkizun ariketa bat»
LABek ELAri adierazi dio, ez dakiela bost eguneko greba noiz duten egitekoa. «Hori, eta gainera, badakigu maiatzaren 24ko greba onartu zuten hainbat lekutan orain kontra agertzen ari direla. Baina bost eguneko greba deialdiaz ez dakigu ezer. Tongo mediatiko bat izan da?».
Erantzunkizunez jokatzeko eskatu dio prentsa oharrean ELAri. «Kontraesana da maiatzaren 24an greba egin zuten langileei orain kontrako jarrera hartuaraztea». LABen ustez bi eremu landu beharko lirateke, hitzarmen sektoriala eta enpresa bakoitzekoa, alegia. «Borroka estrategia integral bat eskaini beharko genuke, uztartuko dituena enpresako eremua eta hitzarmen sektoriala, eta ez, bata bestearen etsai bihurtuko duena».
Langile guztiei mezua, «borrokari eusteko»
Langileen asanbladetako emaitzak eskuetan dituela, honakoa adierazi du LABek: «orain borroka egin behar dugu, eutsi ondo goaz. Denok elkarrekin lortuko dugu».