Hernanik ondo egin ditu ´etxeko-lanak´, eta orain zai egon behar...

Kronika - Erredakzioa 2013ko eka. 16a, 02:00

´Entxufatua´ atera da taldea, eta sekulako partidua egin du. 4-0 irabazi dio Hernanik Aguraini, eta etxeko-lanak eginda, orain zai egon beharra dauka, Hirugarren mailara igoko den edo ez jakiteko.

Igoera play offa bigarren postuan bukatu du Hernanik, eta hori zuen aukera bakarra igotzeko moduan segitzeko. Taldea egurrean atera da, eta aukera asko sortu ditu lehenengo zatian; deskantsura, 1-0. Bigarren zatian 10 minutu nahikoa izan dituzte beste 2 gol sartzeko, eta errematea bukaeran etorri da, 4-0. Iñigo Bereziartuak 2 gol sartu ditu, Xabi Elberdinek 1 eta Julen Loidik azkena.

Sarrera dezente saldu dira gaur Zubipen, asko izan baitira bai Hernanitik eta bai Aguraindik bertara etorri direnak. Hernaniko arduradunak zoratzen ziren partidu bukaeran, «enmarkatzeko moduko» denboraldia egin duelako taldeak, eta bukaera ezin hobea eman diolako.

Hiru astez zai egon behar...

Hernanik egin ditu bere lanak, eta orain zai egon beharra dauka, Areeta eta Laudiok zer egiten duten. Bi talde horiek Bigarren B mailara igotzeko play offean ari dira, eta biek dituzte aukerak igotzeko. Biak igotzen badira, Hernani ere igo egingo litzateke; baina biek igo behar dute, bakarra igotzea ez litzateke nahikoa izango. Oraindik bi eliminatoria pasa behar dituzte, eta beraz, San Joanetan igoera ospatzeko modurik ez dute izango hernaniarrek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!