Aurreneko bertso pelota, Ereñotzuko frontoi berrian

Kronika - Erredakzioa 2013ko eka. 15a, 02:00

Bertso pelota ez da berria. Lehendik ere egin dira an­tzeko saioak makina bat frontoitan. Ugaldetxon ere bai, besteak beste. Hala ere, lehenengo aldia izango da Ere­ñotzuko frontoian egiten de­la. Izan ere, Ereñotzuko frontoia orain bi aste inauguratu zen. Bertso pelota bihar izango da, 12:00etatik aurrera.

Forma berria
Bertso pelota formula berria ez bada ere, forma berria eman nahi izan diote. Halaxe sortu dute egitasmo berria Añorgako pelotari eta bertsolari batzuk, eta Lanku elkarteak. «Euskal kulturan erreferenteak diren bi arlo hauek uztartzea pentsatu genuen eta emanaldi bat eskaintzea, jaiei begira. Pelota askotan, formalegia da eta beste ikutu bat eman nahi genion», azaldu dio Kronikari Iker Urme­neta pelotari añorgatarrak. Lau pelotari elkarren aurka neurtuko dira, bikoteka. Eta bikote bakoitzak bertsolari bana izango du botilero lanetan. Pelotariak honakoak izango dira: Ur­meneta-Aranburu eta Liza­so-Urruzola. Bertso­lari­ak, berriz: Axier Azpiroz eta Xabier Legarreta. Bertsolariek partidua hasi aurretik kantatuko dute, hau da, pelotariak beroketetan ari direnean, eta ondoren, atseden momentuetan ere aprobetxatuko dute saltsa pixka bat jartzeko, pelotariei aholkuak emanez eta publikoa zirikatuz. Aurkezlea ere izango du bertso pelota emanaldi honek. Ekain Ormazabal izango da, hain zuzen.

Herritarren partehartzea bultzatuz
Urmenetak azpimarratu duenez, «egitasmo honen asmoa ere bada herritarren partehar­tzea bultzatzea». Hori horrela, emanaldi bakoitzean, dagokion herriko pelotariak eta bertsolariak sartzen ahalegin­tzen dira. Pelotarien ka­suan, ez dute aukerarik izan ere­ño­tzuko pelotariren bat lor­tzeko. Bertsolariei dagokienean, Xa­bier Legarreta aranoarra gonbidatu dute, Ereño­tzurekin eta Hernanire­kin harreman haundia duena, eta Axier Azpiroz zubietarra, Her­naniko Bertso Eskolako kidea dena. Partehartzea bultzatzeko, epaile eta artekari lanetan auzotarrak jarriko dituzte. Eta apustuak egiteko aukera ere izango da. Euro bateko apustuak izango dira eta tanteoa asmatzen duenak saski eder bat irabaziko du.

Umeentzako tartea ere bai
Bertso pelota, Irrien Lagu­nek babestua ere bada eta umeen­tzako tartea ere izango da. Txapen jolasa egingo dute eta Irrien Lagunen materiala banatuko dute, besteak beste.

Ilusioa, frontoi berrian aritzeak
Ereñotzukoa, frontoi berria izateaz gain, urtetako lanaren emaitza izan da eta horrek ilusio berezia egiten duela azaldu du Urmenetak. «Gainera, pelota eta bertsolaritza uztartuz zerbait desberdina eskaini nahi izatea ere poztekoa da», gaineratu du. Giro ona segurua izango dela azpimarratu du orain arteko emaitzak ikusita: «Orexan 100 herritar inguru dira eta 70 egon ziren emanaldian, ia herri guztia. Eta Oreretan, 150 inguru etorri ziren. Jendea animatzen da apustuak egitera eta oso giro polita izan dugu bietan». Aurrera begira beste emanaldi batzuk ere badituzte: hilaren 21ean Anti­guan, 23an Arizkunen eta uztailaren 25ean Zubietan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!