Ereñotzun bete-betean dabiltza jai giroan. Asteazkenean hasi zituzten San Antonio jaiak eta igandera arte luzatuko dira. Beraz, asteburu osoa aurretik dute oraindik. Gainera, ekintzaz betetako egunak izango dira, azkeneko biak. Gaur, esaterako, umeek ez dute aspertzeko aukerarik izango. Goiz eta arratsaldean puzgarriak antolatu dituzte eurentzat, futbol zelaian. Horrez gain, arratsaldean baita ere, jaialdia izango dute. Ohi bezala, mozorrotuta azaldu beharko da eta mozorro onenari saria emango diote. Ondoren, txokolatada ederra izango dute guztiek.
Hernaniko
Bola Txapelketako
aurreneko tiraldia
Kirol pixka bat egiteko tartea ere izango da, bola eta toka antolatu baitituzte arratsaldean. Gainera, urteroko moduan, Hernaniko Bola Txapelketako lehenengo tiraldia izango da Ereñotzukoa (17:00-18:00). Bigarren tiraldia ekainaren 23an izango da jubilatuetan edo Benta Berrin eta azkena ekainaren 25ean Benta Berrin. Hiru tiraldi horiekin erabakiko da Hernaniko bolari onena zein den aurten. Sariak: aurrenekoari 105 euro, garaikurra eta txapela; bigarrenari, 80 euro eta garaikurra; hirugarrenari 60 euro; laugarrenari 40 euro; eta bosgarrenari 20 euro. Dena dela, azken tiraldia Gipuzkoa mailakoa ere izango da eta eguneko onenak ere saria izango du.
Laiotzekin, parranda
Guztiek izango dute lekua gaur: umeek, kirolariek... eta baita parrandazaleek ere. Laiotz taldearekin goizaldera arte izango da parranda luzatzeko aukera. Gainera, Hernanitik Ereñotzura joateko autobus zerbitzua jarriko dute eta bueltatzeko ere bai.
Sagardo probaketa eta
bertso pelota, bihar goizean
Bihar, festen azken eguna izango da eta goizean goizetik izango da mugimendua Ereñotzun. Hain zuzen, goizean, Diana izango da bailaran barrena, Hernaniko txistulariekin. Ondoren, urteroko hitzorduari hutsik egin gabe, sagardo probaketa antolatu du Ur Mia elkarteak. Bertako eta inguruko 7 sagardotegitako sagardoa izango da aukeran.
Nobedade bat ere izango da bihar: bertso pelota. Aurreneko bertso pelota izango da Ereñotzuko frontoi berrian. Lau pelotari gipuzkoar neurtuko dira bikoteka eta bikote bakoitzak bertsolari bana izango du botilero lanetan: Axier Azpiroz eta Xabier Legarreta.
Puntako 5 bertsolari,
arratsaldean
Urteroko bertso jaialdi ederraz gozatzeko aukera ere izango da bihar arratsaldean. Aurten, punta-puntako bost bertsolari hauek ariko dira bertsotan: Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Jexux Mari Irazu, Iker Zubeldia eta Julio Soto.
San Antonio jaiak agurtzeko, jaietako errifaren zozketa egingo da bertso saioaren ostean. Eta segidan, suziriak jaurtiko dituzte.
GAUR:
11:30-14:00/16:00-19:00, puzgarriak futbol zelaian.
17:00-18:00, bola eta toka. Hernaniko Bola Txapelketaren hasiera.
17:30, haur jaialdia futbol zelaian. Mozorro onenari saria.
Ondoren, txokolatada.
00:00, Laiotz taldearekin parranda goizaldera arte.
BIHAR:
08:30, Hernaniko txistulariekin diana bailaran barrena.
11:30, sagardo probaketa plazan, Ur Mia elkarteak antolatuta. Sagardotegiak: Elutxeta, Iparragirre, Elorrabi, Otsua-enea, Olaizola, Goiko-Lastola eta Larre-gain.
12:00, bertso pelota frontoian. Pelotariak: Urmeneta-Aranburu/Lizaso-Urruzola. Bertsolariak: A. Azpiroz eta X. Legarreta.
19:00, bertso jaialdia: Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Jexux Mari Irazu, Iker Zubeldia eta Julio Soto.
Ondoren, jaietako errifen zozketa.
Jarraian, jaiei bukaera emango zaie suziriekin.
Gaur gaueko autobus zerbitzua
Hernanitik: 00:00 eta 03:00etan Zinkoeneako geltokian.
Ereñotzutik: 00:30, 03:30 eta 07:00etan.
Elizkizun egitaraua
BIHAR:
10:00, Meza Nagusia.