Turismoa bultzatzeko proiektu bat jarri dute martxan Hernani, Ereñotzu, Arano eta Goizuetak: Urumea arnastu. «Helburua da, herri mugak gainditu eta bailara osoko eskaintza turistikoa zabaltzea. Herri txikiak elkarlanean arituta, aukera gehiago dugu zentzu honetan ere garatzeko», azaldu zuten atzo udal horietako alkate eta ordezkariek, proiektuaren aurkezpenean. Proiektua kokatzen da Nafarroa eta Gipuzkoak bat egiten duten inguru naturalean, hau da, Urumeako goi bailaran. Eta natur turismo eta turismo aktiboarekin erlazionatutako ekintzak izango dira eskaintzaren ardatz nagusia: inguruko mendiak, parke naturalak, kirolak... «Bizia emango dio bailarari eta beste bailaretako eskaintzetatik desberdinduko gaitu», azaldu zuten. Horrez gain, gastronomia, kultura, ondare historikoa... ere landuko dira. Aurrera begira, pakete moduko eskaintzak ere egingo dituzte elkarrekin.
Herri gehiagotara zabaltzeko asmoa
Proiektuaren hasieran besterik ez daudela azpimarratu zuten udal ordezkariek atzo eta lanean jarraitzeko asmoa azaldu. «Itsaso alderagoko eta Nafarroa barruragoko herrietara zabaldu nahi dugu proiektua».
‘www.urumeaarnastu.com’
Azaldu zutenez, «proiektuaren hasierako fruitua izan da, hainbat euskarri martxan jartzea». Marka sortu dute, eskuorriak prestatu dituzte informazio orokorrarekin (turismo bulego eta informazio guneetan eskuragarri daude) eta webgune bat jarri dute: www.urumeaarnastu.com.
Wegbunea 6 ataletan banatu dute: Turismo aktiboa, Natur inguruneak, Turismo kulturala (jaiak, kirola, monumentuak...), Ezagutu herriak, Galeria eta Prestatu zure bidaia (ostatuak, jatetxeak, aterpeak...). Horrez gain, beste bi atal daude: Esperientziak eta Kirol probak. Agenda ere eskuragarri dago eta sare sozialekin lotuta, Facebooka jarri dute.
Euskarri horiek denak Bizibizikik egin ditu.