San Joan eguneko kontzertu berezian pasako dio testigua Ziprik Pachecori

Kronika - Erredakzioa 2013ko eka. 15a, 02:00

Zipri utzi egingo duzu Musika Banda San Joan eguneko kon­tzertua eta gero; eta zuk Robertok testigua hartuko duzu. Nola bizi duzue egoera berria?
Zipri: Nire azken eguna izango da, baina gustura utziko dut, egindako lanarekin gus­tura bainago. Robertok interesa erakutsi zuen eta niri betidanik iruditu zait erreleborako egokiena. Her­na­niarra da, maila altua du mu­sikari gisa, langilea da, bandatik gertu sentitu dugu beti, oso gertu. 
Roberto: Ilusio haundiarekin bizi dut; beldur puntu bat ere ba­dut… Zipri izan zen nire saxofoi irakaslea eta lan asko egin dugu elkarrekin. Azken urteetan ez naiz Bandan egon, baina  gertutik jarraitu dut traiektoria. Musika Banda oso momentu onean uzten du eta maila hori mantentzea izango da nire helburua.

Batak bestearen lana ondo ezagutzen duzue. Zer azpimarratuko zenukete?
Roberto: Ziprik Bandako erre­pertorioa be­rritu du. Maila musikala asko igo du eta gaur egun Herna­ni­ko Musika Banda probintzia mailako onenen pare jarri du; hori azpimarratuko nuke bere lanetik.
Zipri: Robertok bere zigilua, tokea uzten du egiten duen lan eta toki guztietan, onerako noski. Saxo irakasle bezela eta musiko bezela ona da benetan, eta itxaropena badut Musika Bandan ere,  onerako sumatuko dela bere ikutua.

Beraz, Hernaniko Musika Banda ondo ikusten duzue beste banden artean.
Zipri: Robertok esan duen be­zala, gure burua txukun ikusten dugu, gure lana egitera joaten gara, eta besteekin alderatuz gero, ondo ikusten gara, maila txukunarekin.

Bederatzi urtetan izan zara Musika Bandako zuzendari
Zipri. Urte guzti hauetako balorazioa egingo zenuen uzteko erabakia hartu eta gero.

Zipri: Bai eta balorazioa erabat positiboa da. Kontzertu bakoitzaren on­­­­­doren, zemuz joan den galdetzen didatenean, hausnarketa bat egiten dut: hasierara jotzen dut, eta guztia hala atera izana sinatuko nukeen pentsatzen dut; emaitza baiezkoa bada, balorazioa po­sitiboa da. Kasu honetan, tek­nika bera erabilita bai, ha­sieran firmatuko nukeen 9 ur­te hauek joan diren bezala joan izana.

Zaila izan al da erabakia hartzea?
Zipri: Hasieratik garbi nuen etapa bat zela, eta ez nuen oso luzea izaterik nahi, 10 urte gehienez jota. Errele­boari buruz hitz egin izan dut tarteka Robertorekin. Inte­resa bazuela erakutsi zidan berak;  horrekin geratu nin­tzen eta erreleboan pentsa­tzen hasi nintzen. Nekatu edo aspertu aurretik utzi nahi nuen, aktiboan egonda, eta hala egin dut.

Zein dira zuzendari gisa bizi izan dituzun momentu berezienak?
Zipri: Batez ere urte guzti hauetan herriak eman digun ba­besa azpimarratuko nuke. Bandako kideek duten jarrera eta lanerako konpromisoa ere aipatzekoa da, askotan lana eskatu zaie eta beraien eran­tzuna beti izan da ona, eta hori eskertzekoa da. 150. ur­teurrena ere izan dugu tarteko ni zuzendari izan naizen urte hauetan, eta horren balantzea oso positiboa izan da. Lan asko egin genun, proiek­tu berria zen guretzat eta beldurra ere, ematen zi­gun, baina ondo atera zen guztia eta horrekin geratzen naiz.

Hernanirentzat ez da Musika Banda soil bat, ezta?
Zipri: Hor daude, biltzen dira, entsaiatzen dute... hori da askok Bandataz pentsa dezaketena, baina ez.  Urte hauetan askotan sentitu dugu herriaren parte garela. Buelta bat ematera atera izan garenetan sorpresa hartu izan dugu, askotan,   jendea zain egoten da gu entzuteko, txalotzeko… Her­na­­niren zati bat sentitzen ga­ra, barruan gaudela, eta hori ede­rra da.

Musikari asko daude herrian, jendea aukeratzean buruhauste asko sortzen al dira?
Zipri: Bandan jotzeko erdi mailako musikoa izan behar da, dedikazio asko eskatzen du... eta ez da hain erraza izaten musikariak topatzea. Instrumentuak ere kontuan hartu behar dira, Hernanin ez baitago hainbeste aukera. Ikasle kopuru haundi batek saxofoia jotzen du. Klarinetea, tronpeta  eta perkusioa ez hainbestek; eta Bandan egon litezkeen beste instrumentuak ez daude, esaterako: metaleko instrumentuak, flatua...
Komeriak izaten ditugu norbaitek uzten duenean, erreleboa lortzeko. Eta behin lortuta, utzi duenaren maila izatea zaila izaten da...

Roberto, lehendik ere, hiru okasio berezietan zuzendu izan duzu Musika Banda; azkenekoz, otsailean. Zein sentsazio izan duzu kasu horietan?
Roberto: Oso ona, gustura aritu izan naiz hiru aldietan. Ni ez naiz zuendari profesionala, eta horrek intseguritatea ematen dit batzuetan.  Hala ere, oro­korrean ederra da, jendearen jarrera ona izaten dalako; eta horrelako aukerak izan izana oso inportantea da ni­retzet.

Zuzendari gisa, aurreneko kon­tzertua irailean izango duzu Roberto, Euskal Jaietan. Hori izango da estreinua, eta handik aurrera, ibilbide luzea izango duzu aurretik. Nola ikusten duzu etorkizuna?
Roberto: Baditut ideia ba­tzuk buruan, eta saiatuko naiz pixkanaka horiek aurrera eramaten. Nire lana epe ertain-luzera enfokatu dut, Ziprik egindako lanarekin jarraitu nahi dut eta bestalde, baditut ideia batzuk buruan, aurrera eraman nahi ditudanak.
Zuzendaria baino gehiago nire burua musika maisu bezala ikusten dut. Ikus­puntu hori aprobetxatuta, lan ezberdina egin dezaket Bandan. Nahiz eta maila ona egon marjen pixka bat badago igotzeko, eta lortu dezakegu herritarrak Bandagatik harro sentitzea.

Banda zuzendu izan duzuen hirutan toke berezia eman izan diozu Roberto. Orain bi urte esaterako, kontzertu tematikoa antolatu zenuen. Azkenekoan, erronka musikala jarri zenion titulu... Etorkizuneko Musika Bandak Robertoren tokea izango al du musika estiloari dagokionean?

Roberto: Maisu lanetan ari­tzen naizenez, gauzak, ge­hienetan, ikuspuntu beretik ikusten ditut, pedagogikoki. Bandan ere bide bera jarraituko dudala iruditzen zait. Pro­grama bat egitea tokatzen zaidanean, beti saiatzen naiz gai baten inguruan egiten, musika mota baten inguruan... eta iruditzen zait hemendik au­rrera ere, Bandan, hortik joko dudala pixka bat.

Zipri eta Pacheco:
«Sagarna bion saxofoi irakaslea izana da»

Manolo Sagarna zuzendari ohiak bazuen nahi bat: Zipri Otxa­dore­n­arekin batera, kontzertu bat zuzen­tzea. Musika Bandak San Joanetan emango duen kontzertua aukeratu dute, ezin okasio bereziagoa. Zipri Otxan­dorenaren azken kontzertua izango da, eta ondorena, Roberto Pacheco, bertan izango da. Hiruen artean zuzenduko dute aurten, urteko kon­tzertu inportanteena. «Kon­tzertu egokiena iruditzen zitzaigun, publiko asko egoten da, eta gure­tzat, urteko zita inportanteenetakoa izaten da» dio Ziprik. Roberto eta bien saxofoi irakasle izana da Sagarna, eta eguna berezia izango da zalantzarik gabe, koinzidentzi askok egingo baitute bat, baten agurrean eta bestearen hasieran. Hiru zati izango ditu kontzertuak, eta zuzendari bakoitzak, emanaldiaren herena zuzenduko du.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!