Hernaniko hainbat taldek antolatuta, To Festa eguna dute gaur, tratu onen aldeko festa, hain zuzen ere. Arratsaldeko 16:00etan hasiko dira, eta gauean bukatuko dute, bertso eta musika emanaldiarekin. Tratu onak bultza nahi dira festa honekin, eta sei talde aritu dira antolatzen, Hernaniko Udalak babestuta: Arrarremanitz kooperatiba, TO Eskola, Katxazarra, Berdintasun Kontseilua, Txoko Feminista, eta Gazte Txokoa.
‘Auzolanartean’, parte hartze ekintzak, artea lantzeko
Bi ekintzetan lehendabizikoari Auzolanartean izena jarri diote. «Sormen ekintza parte hartzailea antolatu dugu Zinkoenean, 16:00etatik 19:00etara. Bertan natura arte bihurtuko dute, eta baita aldarrikapen ere».
Alberdi eta Agirreazaldegi, Tik Tara taldearekin
Bertsoa eta musika izango dira ondoren, 20:30etatik aurrera, Tilosetan. Uxue Alberdi eta Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariak ariko dira, Tik Tara taldearen laguntzarekin. Bertsoak ere eginak dituzte, gai honen inguruan: Joan gabe oso urrunera.