Kiroldegiko frontoian erremonte partiduak izango dira gaur. Bai, kiroldegian; Galarretako frontoi luzetik kiroldegiko frontoi motzera ekarriko dute gaur jaialdia, eta bi partidu izango dira, 22:00etatik aurrera. Frontoi Motzeko txapelketa jokatzen ari dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Saria, IV Erremonte Kopa. Ligillako bigarren partidua dute lau bikoteek, eta tartean da Endika Barrenetxea hernaniarra. Barrenetxea IVak eta Etxabe IIak galdu egin zuten aurreko partidua eta gaur irabazi beharra daukate, finalerako aukerarik nahi baldin badute.
Barrenetxea, jokatzeko pozez
Normalean Galarretara joaten diren ikusleez gain, Hernaniko gazteak ere espero ditu Endika Barrenetxeak gaur, eta horrek poza ematen dio. «Desberdina izango da Hernaniko kiroldegian jokatzea. Zale gazteagoak izango dira gaur, seguruenera, aukera ederra gazteren bat lotzeko. Esku pelotan hasi denarentzat irteera bat izan daiteke. Ni esku pelotan hasi nintzen eta 14-15 urterekin erremontera salto egin nuen. Erremontea ikusgarria da, abiadura gustoko duenak galdu ezin duena. Pelota oso azkar ibiltzen da».
24 urtez gorakoek 5 euro
Gaurko sarrerak 5 euro balio ditu, eta 24 urtez azpikoek dohainik daukate. Sarrerarekin batera, Galarretako sarrera bana emango zaio jendeari, eta horrez gain, bi pase zozketatuko dira udara guztiko partiduetarako.
Bi partidu jokatuko dira gaur, 22:00etan hasita: Matxin IIIa-Ion / Etxeberria IVa-Agirrezabala. Eta ondoren, Juaristi-Zubizarreta / Etxabe IIa-Barrenetxea IVa.