Frontoi motzean erremontea ikusteko aukera izango da datorren ostiralean Hernanin. Ostegun eta larunbatero Hernaniko Galarretan jokatzen dira partiduak, baina ostiral honetan herri herrian ariko dira. Erremonte Kopako bi partidu jokatuko dituzte, Gipuzkoako Foru Aldundia lagun dutela. Finalerdietako ligaxkan dira, eta bigarren jardunaldia dute.
Endika Barrenetxea,
irabazteko premiarekin
Etxabe IIa eta Barrenetxea IVa irabazi premian dira, aurreko partidua galdu egin baitzuten. Gaurko bigarren partiduan ariko dira, Juaristi eta Zubizarretaren kontra. Lehenengo partidua, Matxin IIIa-Ion / Etxeberria IVa-Agirrezabala. Jaialdia, 22:00etatik aurrera, kiroldegiko frontoian.
Galarretako sarrerak
Sarrerak 5 euroan egongo dira salgai, eta 24 urtez azpikoentzat debalde. Sarrerarekin batera, Galarretarako sarrera bat ere emango dute, eta bi bono zozketatuko dira udara guztiko Galarretako partiduetara sartzeko.