Pixkana, auzoari bizitasuna ematen

Kronika - Erredakzioa 2013ko eka. 9a, 02:00

Beste urteurren bat ere bada hilabete honetan. Hain zuzen, urtebete da Lizeagako Gibelal­de auzo elkartea auzotarren aurrean aurkeztu zela. Zuzen­daritza 7 kidek osatzen dute eta dagoeneko 97 bazkide dira. Irailetik aurrera jarri ziren martxan, batez ere. Lau arlo edo batzarretan banatuta ari dira lanean: hirigintza, kultura, jaiak eta gizartea. Orain, festetan zentratuta dabiltza, Madalenak ospatzen baitira Lizeagan eta uztailaren 20 eta 21ean izango dira. Aurten bi eguneko festa antolatzea dute helburu. «Kantitate eta kalitate aldetik hobetu nahi ditugu aurten», diote. Eta horretarako, diru gehiago ere beharko denez, kamixetak jarri dituzte salgai, 10 euroan.

Ekintza ugari
Hilabete gutxian Lizeagari bizitasuna ematea lortu du Gibelaldek. Ekintza desberdinak antolatu dituzte. Adibi­dez, Santo Tomas eguna ospatu zuten eta sekulako arrakasta izan zuen. «Txistorrada antolatu genuen eta 10 kilo txistorra ordubete eskasean desagertu zen», diote. 
Horrez gain, Haur Txokoa dago martxan eta oso eran­tzun ona izaten ari da. «Auzo­ko ume askok erabiltzen dute zerbitzua eta oso gustora daude», nabarmendu dute. Asteazke­ne­ro izaten da auzo elkarteko lokalean (Larramen­di 11, behea). Bi saio izaten di­ra: 17:00-18:00 eta 18:00-19:00. Uda­larekin elkarlanean eskain­­tzen da zerbitzu hau eta Uda­lak berak jartzen du begiralea.
Gabonetan ere hainbat ekintza antolatu zituzten: zine emanaldia eta Olentzero Lehia­keta. «Horrez gain, Dan­tzari egunean parte hartu ge­nuen», gaineratu dute.

Auzo elkarte baten beharra
Udalak bilera errondak egin zituen iaz, auzoz auzo, eta Lizeagako bileran ikusi zuten auzotar ugari azaldu zela eta interesa bazegoela auzoko kontuen inguruan. Auzo elkarte baten beharra zegoela konturatu ziren. «Orduan batzuk erabaki genuen elkartu eta auzo elkartea sortzea. Auzoa oso utzia dago, abandonatua, eta bizitasuna eman nahi diogu».
Lizeagan aurrez ere izana da auzo elkartea. 80 hamarkada inguruan sortu zela aipa­tzen dute eta zuzendaritza desberdinak izan zituela. Aldiz­ka­ri bat ere bazuen. «Eta pixkanaka gauza horiek guztiak be­rres­kuratu nahiko genituzke. Alde horretatik, web orri bat sortzen ari gara», aurreratu dute. 
Futbol taldea ere izan zuen Lizeagak. «Garai batean, auzo guztiek zuten taldea eta Atse­gindegin jokatzen zen denon arteko txapelketa», diote.

«Pozik gaude, ari gara helburuak lortzen»
«Pixkanaka goaz, baina orain artekoa kontuan hartuta, balorazio positiboa egiten dugu. Pozik gaude, ari gara helburuak lortzen. Udala ere gugana zuzentzen da orain, kontuan hartzen gaitu. Gainera, auzo elkarteen batzordean ere bagaude Udalean, hau da, Hernaniko auzo elkarte guztiak ordezkatzen dituen ba­tzordean. Hilabeteko azken ostegunetan biltzen gara», azaldu dute orain artekoaren balorazioa eginez.
Lorpen bat ere izan dutela diote: «Bizilagun bat askotan kejatu izan zen udaletxean zuhaitz batzuk kimatu beharra zegoela-eta, baina ez zioten kasurik egiten. Azkenean, informe bat egitea pentsatu genuen, auzoko zuhaitz guztiekin. Eta lortu dugu batzuk kimatzea. Dena dela, oraindik ez gaude guztiz konforme. Hitz egitekoak gara udalarekin. Baina behintzat kasu egin digute eta hori garrantzitsua da. Lehenengo kontaktua positiboa izan da. Taldean, indar gehiago dugula ikusten da».

«Auzo honetan, dena dago egiteko»
«1.000.000 euro inguru behar du auzoak, ondo jartzeko», diote auzo elkarteko kideek. 
«Zikuñagan egin duten bezalako obra egin beharko li­tzateke. Hirigintza aldetik obra haundi bat egin behar da. Horrez gain, landu beharko lirateke: lokalen araudia, ko­mertzioen araudia, gizarte giroa… Hemen dagoen giroa ez da egokia, drogak... La­rra­mendi kalean liskar ugari izaten da. Garai bat ere egon zen motoak espaloi gainetik ibil­tzen zirena… eta oraindik jarraitzen dute Euskalpizzako­ek», salatu dute.
50 urtetik hona, kristoren aldaketa izan dela auzoan diote. «Denda pila bat egotetik ezer ez egotera pasa da eta ez da ezer egokitu. Erdigunean gaude, baina erdiguneko proiektuak ez dira hona iristen. Horregatik jarri genion Gibelalde izena auzo elkarteari: atzeko aldea. Auzo hau egin zenean, 15 bat urte egon zen urbanizatu gabe. Ez zegoen espaloirik eta kaleak lurrezkoak ziren. Guztiz urbanizatu zela 30 urte baino gehiago dira eta ordutik ez da ezer egin», argi utzi nahi izan dute. 
Orain, alkatearekin bilera bat egitekotan dira, gai batzuen inguruan hitz egiteko. «Par­ke­ren bat kentzekotan dira aparkaleku dezente bat egiteko. Izan ere, bidegorri bat egingo dute Lizeaga kaletik eta horrekin 30 bat aparkaleku kenduko dituzte. Gurekin bildu nahi dute gure iritzia jasotzeko».

50garren urteurrena ospatzeko festa, udazkenean
Lizeagaren urbanizazioaren 50garren urteurrena ospatzeko lanean ere ari dira auzo elkarteko kideak. Festa iraila-urria inguruan egingo dela aurreratu dute: «San Joanak gainean dira eta bi festak batera ez egiteko atzeratzea pen­tsatu dugu, jendea oporretatik bueltan denean ere egokiagoa dela uste dugu», azaldu dute. Dena dela, dagoeneko garai hartako argazki zaharrak bil­tzen ari dira. Eta auzotarrei dei egiten diete argazkiak izanez gero, beraiei pasatzeko. Emai­lez bidaltzeko edo eskura ema­teko aukera dago.

Bilerak, irekiak
Auzo elkarteko kideak, orain, festak antolatzen ari dira buru belarri, baina bestela hilabetero elkartzen dira. Hilabeteko lehenengo asteartetan izaten dira bilerak 19:30etatik aurrera. Bilerak irekiak direla gogorarazi dute eta bazkide egiteko aukera ere badagoela. Larra­mendiko lokaletako ate granatean jartzen dute hitzordu ba­koitza. Helbide elektronikoa ere badute harremanetarako: 
lizeagaelkartea@gmail.com. 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!