Antonio Lopez eta Lorea Garbizu - Lizeagako bizilagunak: «Lehenengo urteetan, lan asko egin eta gutxi jaten genuen»

Kronika - Erredakzioa 2013ko eka. 9a, 02:00

Antonio Lopez eta Lorea Garbizu Lizeagako lehenengo blokera bizitzera joandakoak dira eta elkarren bizilagunak. Egungo Larramendi 21 portalean jarri ziren bizitzen eta gaur egun ere bertan jarraitzen dute. Antonio Irurtzundik etorri zen eta Lorea Lezotik, bere senarra Hernanikoa baita: Jesus Albizu. «60-63 urte artean, senarraren amaren etxean egon ginen bizitzen eta gero Lizeagan jarri ginen. Kennedy hil zuten urtean», gogoratzen du Loreak. Hernanira, ogi bila etorri zela dio Antoniok: «Irurtzunen ez zegoen ezer. Gaur egun fabrika asko daude, baina orduan harrobi bat bakarrik zegoen. Prodesara etorri nintzen lanera. Gaur egun itxita dago. Han 2 urtez aritu nintzen eta gero Bengon hasi nintzen, grua tailer batean». Bere emaztea aurretik Hernanin zegoen. «Oso gazte etorri zen, ahizpak baitzituen hemen. Lehenengo Prodesan egin zuen lan eta gero Zikuñagan. Bera ere Nafarroatik etorri zen, Etxarrendik. Lizeagara etorri aurretik Portun bizitu ginen», dio. Lorearen senarrak ere, Zikuñagan egiten zuen lan. «45 urtez aritu zen Zikuñagan. Nik berriz, etxean egiten nuen lan. Hori bai, ezkondu aurretik Errenterian aritu nintzen lanean», dio Loreak. Urte haiek nola gogoratzen dituzten galdetuta, Antoniok dio lan asko egiten eta gutxi jaten gogoratzen dituela lehenengo urteak. Orduan, 105.000 pezeta ordaindu zituzten pisuagatik Loreak eta bere senarrak, eta 108.000 pezeta Antoniok eta bere emazteak. «Beste pisu askok 90.000 pezeta inguru balio zuten, baina gureak garestiagoak ziren», dio Loreak. Auzoaren egoera asko okertu dela diote biek: «Lehen dendak zeuden leku guztietan. Baina asko hil, jubilatu edo beraien herrietara itzuli dira eta dendak itxi egin dira».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!