Bar Hernanandez (Aitan-Etxe) Victor Hernandez eta Lourdes Sorozabal: «Egunero 40 bat laguni ematen genion bazkaltzen; horri eskerrak salbatu ginen»

Kronika - Erredakzioa 2013ko eka. 9a, 02:00

Victor Hernandez eta Lourdes Sorozabal ere, Lizeagan egin zen lehenengo blokera joan ziren bizitzera. 1963ko San Joan inguruan jaso zituzten giltzak. Ezkondu eta hurrengo urteko urtarrilean jarri ziren bizitzen. Victor Soriakoa da. Soldadutza bukatu zuenean, Urretxura joan zen lanera, al­tzairu fabrika batera. Handik Azkoitiara joan zen, Acerias y forjas de Azcoitia fabrikara, han baldintza hobeak zituela-eta. Azkoitian ezagutu zuten elkar biek, Lourdesek bertako taberna batean egiten bai­tzuen lan. Lourdes Getarian jaio zen, baina Azpeitian hazi zen, aita hangoa zela eta, bertara joan baitziren bizitzera. 15 urterekin hasi zen lanean, tabernan.
Victor Azkoitiatik Hernanira etorri zen lanera, Perfiles de Hernani enpresara eta bertan jarri zen bizitzen. Lourdesek orduan, Donostian egiten zuen lan, Bergara tabernan eta Donostian bizi zen. Egoera horretan, hartu zuten Hernaniko etxea.

Hasierako urteak, gogorrak
Victor eta Lourdesek taberna zabaldu zuten egungo Larramendi kalean: Bar Hernandez (gaur egungo Aitan-Etxe). Hiru urte itxaron behar izan zuten taberna martxan jartzeko. «Etxeak eraiki arren, kaleak asfaltatu gabe eta egokitu gabe zeuden eta ez ziguten baimena ematen», dio Victorrek. Hasierako urteak gogorrak izan zirela gogoratzen dute: «Etxea erosita, dirurik gabe ginen eta taberna ezin genuen ireki...». Auzoko egoera ere gogorra zela diote: «Etxe batean, esaterako, 4 familia egoten ziren bizi­tzen; apopiloak ere hartzen ziren. Iskanbilak ere izaten zituzten batzuek».

3 urtera, taberna
Azkenean, 1966ko martxoaren 17an ireki zuten taberna. Hasierako hiru urtetan, Victorrek Perfiles de Hernanin jarraitu zuen lanean eta ondoren tabernara joaten zen, Lourdesi laguntzera. Auzoan sekulako mugimendua zegoen eta tabernak segituan hartu zuen martxa: «Guk egunero 40 bat laguni ematen genion bazkaltzen. Horri eskerrak salbatu ginen. Batez ere Elecnor-eko langileak, pintoreak etortzen ziren. Afaltzen ere mugimendu dexente izaten genuen», diote.
25 urtetara, tabernari izena aldatu zioten. Beraien semeak Bittorrek hartu zuen eta gaur egun ezagutzen dugun Aitan-Etxe izena jarri zion. 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!