Jesus eta Mariasun Arregi, Periko Arregiren seme-alabak dira. Beraien aitak jarri zuen auzo berriko aurreneko denda, Perikoren denda deitzen ziotena, Victor Hugo eta Madalena kaleko ixkinan. Etxeak eman aurretik ireki zuen Perikok denda. Ergobin bazuen aurretik, eta jakin zuenean Hernanin auzo berri bat egin behar zela, bertan jartzea pentsatu zuen. Eta bertara bizitzera etorri ziren. «Denetik saltzen genuen: txarkuteriko gauzak, drogeriko produktuak, ogia, oilaskoa, konjelatuak... txikia zen eta bete-betea egoten zen», diote Jesus eta Mariasunek. «Langile asko ibiltzen zen eta bokadiloak izugarri saltzen ziren. Goizero bakoitza bere bokadiloarekin joaten zen lanera», aipatu dute.
Lan asko egiten zela gogoratzen dute. «Hiru gutxienez aritzen ginen dendan. Amak eta biok laguntzen genion aitari». Hori bai, kopurua mugatua izaten zen: «Ezin izaten zen nahi adina edo ahal adina saldu. Produktu bakoitzetik kantitate jakinak saltzeko aukera zegoen».
Bakailoa eta turroia, herrira eramateko
Bitxikeriak ere aipatu dituzte Arregi anai-arrebek: «Kanpotik etorritako jendeak ohitura desberdinak zituen eta ezezagunak ziren guretzat, adibidez, portalean egoten ziren jaki usainak. Askok sojazko olioa erabiltzen zuten, esaterako». Txerri urdaia ere asko eskatzen zela diote: «Hori-horia, batere giharrik gabe nahi izaten zuten. Salda egiteko oso ona omen zen». Meloia ere asko saltzen zuten: «Gainera gure aitak ordura arte ez zuen sekula meloirik jan eta ekartzen hasi zenean, txarra zegoela esaten zioten. Azkenean jaten ikasi behar izan zuen, ona ote zegoen jakiteko». Beste askok baita ere, beraien herrira itzultzean, turroia eta bakailoa eramaten zituzten opari bezala: «Horiek oso preziatuak izaten ziren. Turroi merkeena Cacahuet marka izaten zen eta hori izugarri saltzen zen».
Gaur egun ere, martxan
Perikoren denda ondoan beste denda bat zegoen hasieran. 8 urtez, Madalena kaletik bakarrik izan zuen atea, baina gero Victor Hugo kaleko beste denda hartu eta biekin bat egin zuten. 42 urte daramazki modu horretan. Gaur egun, Nagore Agirrek darama denda, Jesusen alabak, hau da, hirugarren generazioak.