Antonio Casado da Rocha (Donostia, 1970), Filosofoa eta Ikerlaria EHUn.
Zuk diozu zaborra ezin dela
desagerrarazi… Beraz,
berziklatzea beste aukerarik
ez daukagu, edo?
Bai, hortxe dugu koska. Munduan zabor gehiegi sortzen dugu, eta ez-ikusiarena egiteak ez digu balioko. Hondakinak birziklatu, gutxitu, eta berrerabili egin behar ditugu, zabor bihurtu ez daitezen.
Noiztik da zaborra arazo?
Duela 150 urte sortzen genituen hondakin gehienak birziklatu egin zitezkeen. 20garren mendean, industriak, gauza onak ekarri dituen arren, gaurko ekonomia globalak etengabe sortzen ditu gutxi irauten duten kontsumorako objektuak. Funtsean arazoa hortik datorkigu.
Hondakinen bilketa sistemak aztertu dituzu ikuspuntu etiko edo moral batetik. Datu ekonomikoak eta abar ahaztu, eta etikari begiratu diozu… Zergatik uste duzu zegoela beharra horretarako?
Garrantzitsuak dira arazo honen alde ekonomikoa edota judiziala. Baina zaborren gaia erabilia izan daiteke epe motzeko etekin politikoa ateratzeko. Erosotasuna aipatzen da, eta baita etikarekin zerikusia duten beste kontzeptu batzuk ere: eskubideak, betebeharrak, ardurak, bertuteak, ondorioak, printzipioak... gure eginbeharra da horrelakoak argitzea. Horretan saiatzen gara filosofia moralean.
Eta zure ustez zein da sistema etikoena?
Etika eta hondakinen kudeaketa, biak dira gai konplexuak, eta bien elkarketan lan asko dago egiteko. Hitzaldian saiatuko naiz ezagutzen ditugun sistemak denon artean ebaluatzen. Nire hipotesia da Atez Atekoa aurrerapena dela. Sailkapenari dagokionez emaitza hobeak lortzen dira, hezi egiten gaitu, eta gaiaren garrantziaz kontzienteago bihurtzen gaitu.
Eta nola neurtu zein den sistema etikoena?
Sistemek gure ohiturengan ze eragin daukaten erreparatuta; gure esperientzia eta besteena kontuan hartuta. Alderdikeriak saihesteko, ahalik eta ikuspuntu objektiboenak erabili behar ditugu. Etika ulertzeko era asko daude, baina badago adostasunak lortzeko tokia. Hitzaldian sei adierazle etiko aurkeztuko ditut, sistema bakoitzean zer gertatzen den ikus dezagun.
Artikulu batean Errenteriako Beraun aipatzen duzu. Han
bilera edo batzar batean Atez Atekoaren kontra bozkatu omen zuten gehienek, eta aldi berean eskatu omen zuten San Markos zabortegia ixteko. Hor kontradikzio bat ikusten duzu zuk.
Oro har, zabortegi zaharrak itxita, aukera nagusiak bi dira: erraustegian oinarritutako sistema bat, edo Atez Atekoak bezainbeste birziklatu dezakeen sistema bat. Inork ez du erraustegi bat inguruan nahi, osasunerako kaltegarria delakoan. Atez Atekoak emaitza onak ditu, Hernanik frogatu du ez dela horren zaila, eta nire ustez merezi du.
Artikulu batean aipatzen duzu baita ere, Unibertsitateko irakasleen artean hitz egin izan duzuela noizbait gai horri buruz. Unibertsitate munduan interes haundia al dago gai honi buruz?
Geroz eta handiagoa. Unibertsitate publiko batek ezagutza gizarteratu behar du, eta gizartearen zerbitzurako baliabideak jarri. Izan ere, hau ez da Euskal Herrian asmatu dugun polemika berri bat: arazoa globala da, unibertsala, baina hemen egiten dugunak mundu osoan pizten du interesa.
Atez Atekoarekin %86 inguru berziklatzen da. Sistema horren aurkakoek diote beti geratuko dela %14 inguru, nonbaitera eraman beharko dena. Zuk zer proposamen duzu kasu horietarako?
Ez dagokit niri proposamen teknikoak egitea, arazoa beste ikuspegi batetik ikustea baizik. Gainera, ez dut uste sistema perfektua denik. Sistemarik onenak ere zailtasunak izango ditu eta malgutasunarekin hobetzeko beharra izango du. Baina %14ko errefusa frakzioa txikiagoa da 2010 urte hasieran geneukana baino, ezta? Ukatzerik ez dagoena da Hernaniko jendeari esker zer lortu den. Errefusa frakzioa gutxitu egin dugu, normaltasun osoz; orain da garaia haren kudeaketaren erronkari heltzeko, baikortasunez.