Eskubaloi partidua gaur, Hernaniko beteranoen eskutik

Kronika - Erredakzioa 2013ko eka. 8a, 02:00

Eskubaloiak berriz ere Hernaniko kiroldegia alaitu dezake gaur, 17:30etatik 19:30­etara, Hernaniko beteranoek partidua jokatuko baitute, eta erakustaldi moduko bat egin ere bai, ikusi nahi duen guztiarentzat. Gaurko partidua an­tolatu dutenek dei egin diete hernaniar guztiei, kiroldegira azaltzeko.

Eskubaloi hotsak berriz ere kiroldegian
Milaka hernaniarrek jokatu dute eskubaloian, 1944tik 2003ra bitartean, eta haietako asko elkartuko dira gaur, nes­ka eta mutil, berriz ere zapatilak jantzi eta korrika saio ba­tzuk egitera. Aspaldi ikusi ez diren irudiak, baina garai batean oso ohizkoak zirenak ikusiko dira gaur kiroldegian. Hala adierazi dio Jesus Lopez antolatzaileetako batek Her­na­niko Kro­ni­kari: «Pena haundia da Her­naniko gazte­txoek eskubaloia ez ezagu­tzea. Garai batean hainbeste jende biltzen zuen kirola izanda, gaur egun arrastorik ez da geratzen, eta hori berreskuratu nahi izan dugu gaurko partiduarekin. Beteranoak azal­tzea nahi genuke, baina baita gazteak ere, umeak ere bai, ea grina pizten zaien, eta Her­nanin talde berri bat sortzen dugun». Hernanin eskubaloi taldea berriro sortu nahi dute gaurko antolatzaileek. Hutsetik hasi, eta gaztetxoenak animatu nahi dituzte, datorren denboraldian proba egitera. Lehenengo pausoa emana dago. Lopezek dioenez, ilusio haundia sortu du gaurkoak, eta jende dezente inguratu liteke kiroldegira. «Sorpresak ere izango dira, eta animatu dadila nahi duen guztia gaurko festara, mereziko du eta». Esku­ba­loia berriz piztu liteke gaur Hernanin, inoiz erabat itzali ez den seinale.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!