Tolosak zail jarri dizkio gauzak Hernaniri, Herriarteko Txapelketan aurrera egiteko. Ostegunean jokatu ziren hiru partiduak, Tolosan bertan, eta 2-1 irabazi zuten etxekoek, tanteoan berdinduta geratu baziren ere. Hala ere, aukerak baditu Hernanik.
Klabea, jubeniletan
Sekulako bikotea daukate tolosarrek kadeteetan, eta 22-10 irabazi zieten Cisneros eta Rodriguezi ostegunean. Nagusietan beste muturra ikusi zen: Arrietak eta Aizpitartek 22-4 irabazi zieten Mujika eta Errazkini, kolorerik gabe.
Jubeniletan beste kontu bat ikusi zen, ordea, Altuna anaiek beren jokurik erakutsi gabe 16 tanto egin baitzizkieten Mujika eta Belokiri. Ostegunean hor egon zen gakoa, eta datorren astean ere halaxe egon liteke, Hernanin jokatuko diren bueltako partiduetan.
Usurbilgo finala bihar, Salaberriak eta Zugastik
Partidu mordoxka dituzte hernaniarrek asteburu honetan, eta horien artean esanguratsuena alebinek. Xabier Salaberria eta Oihan Zugasti Usurbilgo Torneoko finalean ariko dira, bihar, 11:00etan, Usurbilgo bikotearen kontra.
Gaur, 14 partidu jokatu dira kiroldegian, 14:00etan hasita. Jon Etxegoien ariko da Gaztelekuren kontra. 15:00etan benjaminek 4 partidu dituzte; 16:00etan alebinek beste lau; eta 17:00etan infantilek beste lau. Infantiletan, baita ere, 19:00etan Arizmendi eta Lazkano ariko dira Agirre eta Berasarteren kontra. Gaur Mendillorrin Ander Lopez ariko da San Cosmeren kontra, 11:00etan.
Bihar 11:00etan Hernanin seniorretako bi partidu interesgarri izango dira, bikoteka jokatuko dituztenak.