San Antonioen preludio gisara dator aurten ere Ereñotzuko Mendi Lasterketa, hirugarren urtez jarraian, eta festa giroa nagusi izango da bihar, 10:30etatik aurrera, auzoan, eta inguruko mendietan. 200 korrikalari, eta 12 km aurrean, zein baino zein ederragoak Hernanik dituen paraje aberatsenetan. Aiako Harria parke naturalean ibiliko dira korrikalariak. Aurten ibilbidea aldatu dute, baina faboritoak iazko berdintsuak izango dira. Mutiletan Jokin Lizeaga urnietarrak hirugarren aldiz irabazteko aukera izango du, baina badira gerra emango diotenak ere: Iker Oliveri, Ibai Alba, Unai Santamaria eta Unai Ezeiza, adibidez. Nesketan, Nerea Amilibia eta Uxue Tena hortxe ibiliko dira, lehen posturako borrokan.
Ibilbide berria
Hiru urte egin ditu aurten mendi lasterketak, eta aldaketa erabatekoa eman du, errekaren alde batetik bestera. Oindira igo beharrean, aurten Urdaburura igoko dira korrikalariak, eta horrela, Aiako Harria parke naturala zeharkatuko dute. Ibilbide motzaxeagoa da, 11,75 km-koa, baina gogortasunik ez du falta, 832 metroko desnibela baitu. Parajeak zoragarriak dira, ondare natural, historiko eta kulturala biltzen dituztenak. Itsasoa bistan dela kilometro askoan joango dira, eta lehendabiziko hernaniarrek utzitako arrastoak ondo-ondotik pasako dituzte. Saratsetako eta Akolako trikuharriak, sarobeak... Malmazar eta Pagosardeko pagadiak, Usokoerreka ingurua, Txirritaren monumentua...
Goizeko plana
Karrera hasiko da 10:30etan, eta goizeko 09:30etarako bertan egon behar dute korrikalariek, dortsalak hartzeko. 200 dira guztira, eta asko bertakoak: 9 ereñotzuarrak, eta 66 hernaniarrak.
Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete laguntzen ibili dituzten guztiei, eta sariak jarri dituztenei.
Ibilbidea
l Ereñotzuko plaza
l Txilibita baserria
l Larre-Gain sagardotegia
l Arrondoko antena
l Akolagaina
l Igoingo lepoa
l Bentatxuri baserria
l Malmazar
l Pagosarde
l Urdaburu
l Lizarregiko lepoa
l Elorrietako lepoa
l Usokoerreka
l Latxe gaikaldetik
l Ereñotzuko plaza