Jose Luis Subinasek bi ahari pare ekarriko ditu gaur Osiñagara, eta Hernanin aspaldi ikusi ez den Ahari Jokoa ikusi ahal izango da; Subinas Zestoan bizi den itziartarrak dioenez, Azpeitia aldean oraindik bizi-bizirik dagoen ikuskizuna.
Igande arratsaldero, «mezetara bezala»
«Jaiero-jaiero» koadrila dezentea juntatzen da Azpeitiako zezen plazan, ahari jokoetan. Martxotik ekainera, eta urritik abendura izaten dira ahari jokoak Azpeitian, eta «udaran zezenen txanda izaten da». Subinasek dioenez, «mezetara bezala» joaten da jendea ahari apustuetara. «Jende berdintsua izaten da. 16:00ak aldean, Landetan ikusten baduzu norbait elegante xamar jantzita, eta kafea eta purua piztuta, hura seguru-seguru ahari jokoetara dijoa».
Ahari pila bat dago apusturako, Azpeitia inguruko herrietan. «Itziar, Arrua, Aizarnazabal, Errezil, Asteasu, Aia... Irundik ere etortzen da jendea». Apusturako ahariak hazten ari direnak 40 lagunetik gora izan ditezkeela dio Subinasek.
Zestoan, 15 bat ahari
Subinas bera itziartarra da, baina Zestoan bizi da urte askoan, eta hantxe hazten ditu ahariak ere. «15 bat ahari izaten ditut nik jokorako, baina badira hemen 30 edo gehiago dituztenak ere: Mendizabal bat adibidez».
Urte batean 3-6 apustu bitartean jokatzen ditu Subinasek. «Bi hilabete lehenagotik egin behar izaten da apustua, eta lekua bilatzeko komeriak izaten dira. Horrez gain, ahariak prestatzeko denbora hartu behar da, eta ahari guztiak ez dira prest egoten plazara botatzeko. Gu bezala dabilen batek, urte batean jokatzen ditu 6 apustu, eta hurrengoan 3 igual».
Mufloiarekin nahastutako ahariak ia denak
Garai batean artalde arrunt batetik apartatzen zituzten ahari indartsuenak. Gaur, ordea, ahari puru-pururik ia ez dagoela dio Subinasek.
«20 urte inguru badira, mufloiarekin nahastutako arraza erabiltzen dugula. Bat hasi zen mufloiak ekartzen, eta hark nahastu egin zuen ahariarekin. Askoz hanka bizkorragoak ditu mufloiak, eta kolpea ere goitik behera jotzen du. Talkarako askoz hobeak dira, eta mufloi ikuturik gabekorik ez da egongo bat bera ere gaur egun, plazan».
«Borrokarik egin nahi ez duenak ez du egiten»
Ahari jokoa gogorra dela diotenak badira. Subinasek dio, ahariak gogoa duelako borrokatzen duela, eta ez dagoela horretara behartzerik. «Nahita ere ez duzu behartuko. Alde horretatik oso garbia da ahari jokoa. Borrokatzen du, borrokatu nahi duenak. Ahari batek atzera egiten badu, besteak pakean uzten dio».
Lan haundiko afizioa
Etengabeko arreta eskatzen dute ahariek, probarako prestatzeko. 4 urte arte ez dira borrokatzen ahariak, eta 10etik 4k balio izaten omen dute. Ahari bat ona tokatzen bada, igual 10 apustu irabazten omen ditu, baina behin apustua galdutako ahariak ere ez omen du berriz borrokatzen. Jatenari ere kontu egin behar izaten diote. «Prestatu egin behar dira. Egunero makinan ibili, ondo alimentatu. Hauei ere guri bezala bariedadea gustatzen zaie: fijo ematen zaizkie erremolatxarekin egindako pulpa, baba eta belar-ondua; eta garaia denean azenarioa, tomatea, sagarra...».
Erakustaldia gaur
Gaur Osiñagan erakustaldia emango du Subinasek. 4 ahari ekarriko ditu, eta txandatuz joango dira, 10na kolpe eman, eta kendu. 45 minutuko kontua izango omen da.