Victor Hugo kalea, Madalena, Lizarraga, Larramendi, Oindi... gaur egun Lizeaga auzoa osatzen duten kaleak dira. Etxeak ere ugari aurkitu ditzakegu bertan; baita hiru parke, ikastola... Baina Lizeaga auzoa, 60garren hamarkadara arte, udaletxe atzeko etxe gutxi batzuk, baratzek, sagastiek, artasoroek eta erreka txiki batek osatzen zuten. Hain zuzen, 50 urte betetzen dira hilabete honetan, Lizeagako lehenengo etxebizitza blokeko giltzak banatu zirela. Bloke hori, egungo Victor Hugo 3, 5 eta 7 eta Larramendi 19 eta 21 portalek osatzen zuten. Hurrengo bi urtetan gainerako blokeak egin ziren. Eraikuntza enpresa Ijurko izan zen. Orduan, Lizarraga deitzen zitzaion parte horri eta baita Katanga ere.
Pisu bakoitzean, familia bat baino gehiago
Lehendik Hernanin bizi ziren herritarrak, gipuzkoarrak eta ingurukoak joan ziren auzo berrira bizitzera, baina batez ere, Espainia probintziatatik. Orbegozo, Zikuñaga, Perfiles de Hernani, Prodesa, Iberduero, Elecnor, Telefonica... eta beste hainbat enpresetara lanera etorri ziren. Segidako urteetan, beste auzo batzuk ere sortu ziren. Hori horrela, 1960an Hernani 12.591 biztanle izatetik 1970ean 23.481 biztanle izatera pasa zen.
Lizeagako etxeetan, familia bat baino gehiago elkarrekin bizi zirela gogoratzen dute auzotarrek. Pisuak ordaintzeko zailtasunak zituzten batzuk eta gelak alokairuan ere jartzen omen zituzten. Orduan 90.000 pezeta inguru balio zuten pisu horiek. Soldatak ere bajuagoak ziren, baina orduan lana bazegoela eta orduak sartzea izaten zen erremedioa.
Asfaltatu gabe
Etxeak egin arren, kaleak asfaltatu gabe eta argirik gabe egon ziren urteetan. Enpresak etxeak egin zituen, baina asfaltatu gabe eta espaloirik gabe utzi omen zuen auzoa. Arazoak izan ziren horrekin eta azkenean auzotarrek ordaindu zutela diote batzuk. Gainera, kaleak egokitu gabe egoteak arazoak sortu zizkien negozioa jarri nahi izan zuten batzuei.
Denda ugari
Auzo berriarekin, dendak ere ireki ziren. Lehenengo denda, Periko Arregik ireki zuen. Handik aurrera jarri zituzten: Bodega Riojana, Bar Jose, Bar Lucas, Bar Hernandez, Angel Ruizen denda, Juanjo Lujanbioren drogeria, hiru harategi: Arrospide, Murua eta Justo, bi arrandegi, arropa dendak, estankoa, pasteleria, kioskoa... Etxe-azpi guztiak dendaz beteta zeudela nabarmentzen dute auzotarrek. Mugimendu haundia omen zegoen. Orain berriz, hilda, triste ikusten dute auzoa. Jubilazioek, heriotzek eta negozioarekin jarraitzeko inor ez egoteak dendak ixtea ekarri zuela diote eta ondorengo krisiak ere ez duela batere lagundu.
«Lehen, 17 bat familia ginen Lizeagan»
Larretxeatarren sendiak 105 urte inguru daramazki Lizeagan bizitzen eta ondo baino hobeto ezagutzen dute auzoaren historia. Tere, Mertxe eta Maria Antonia ahizpek azaldu diote Kronikari garai batean udaletxe atzeko etxeak bakarrik zeudela Lizeaga auzoan. «17 bat familia ginen eta Lizeaga kalea bakarrik zegoen. Pipiritta eta goiatarren etxea ziren hurrengoak. Gainontzean, baratzak, sagastiak eta artasoroak ziren. Bide bat ere bazegoen Portura jaisteko. Erreka txiki bat ere pasatzen zen…».
Auzoaren izena, Lizeaga-Dolhagaray senditik datorrela azaldu dute: «Ignacio Lizeaga liberala zen eta gerra garaian besoa galdu zuen granada batek jota. Bere omenez jarri zioten izena. Lehen auzo honek El Humilladero izena zuen. Portalez kanpo ere deitzen zitzaion».
Lizeagatarrak dirudunak ziren, Hernaniko lur askoren jabeak, eta hainbat etxe ere bazituzten Donostian.
Gertuko harremana
Larretxeatarren aitonak lizeagatarrentzat egin zuen lan, besteak beste, eta harreman haundia izan zuten eurekin. «Haien alabei guk beti deitu izan diegu señoritak, baina egia esan tratua oso gertukoa genuen. Ondoan bizi ginen eta beraien etxera aterik jo gabe sartzen ginen; eta beraiek gurera ere bai», diote Larretxea ahizpek.
Lizeaga-Dolhagaray senar-emazteek hiru alaba izan zituzten: Maria, Candida eta Lucina. Azken hori Romero-Erizerekin ezkondu zen. Romeroren ama hernaniarra zen. Senar-emazteak errepidearen beste aldean bizi ziren. Ez zuten seme-alabarik izan. Romero oso kapritxosoa zela gogoratzen dute: «Mueble fabrika jarri zuen, Muebles San Jorge. Oso ezaguna izan zen».
Lizeagatarren lurrak Villa San Antonio pareraino eta gaur egun Lizarraga kalea den lekuraino iristen ziren. Larramendi kalea ez zen existitzen eta gaur egungo Larramendi 11ko etxebizitzak dauden tartean, baratzak zituzten. Udaletxe alderago, berriz, lorategia. Eta Lizeagako zubi azpian pasalekua zuten alde batetik bestera pasatzeko. Gerra garaian, bonbak botatzen zituztenean, bertan ezkutatu izan zirela gogoratzen dute.
Aldaketa haundia
Lizeagan etxe blokeak egiteak sekulako aldaketa eragin zuela diote larretxeatarrek: «Ordura arte ia denak Hernanikoak ginen eta bat batean kanpoko jende ugari etorri zen eta aldaketa haundia izan zen. Ohituretan esaterako, urte zaharretan hemen inor ez zen etxetik ateratzen eta hanfesta egiten zuten, pandereta hotsak entzuten ziren… Garai haiek, gainera, oparotasun garaiak ziren eta nabari zen».
Herri txiki bat bezalakoa
Larretxea ahizpek, Lizeaga auzoa oso auzo berezia izan dela diote: «Hartu-eman haundia genuen auzoko guztiek, etxeetako ateak irekita zeuden beti. Auzo berezia izan da. Auzo bat, baina herri txiki bat bezalakoa». Eta oraindik mantentzen dute hartu-emana betiko auzotarrak izandakoekin. «Gure etxea botatzera zijoaztenean, hemen bizi ginenok baldintza bat jarri genuen: bueltan ona etortzeko aukera izatea. Eta etxe haien ordez egin zuten blokean jarri ginen bizitzen aurreko lau familia: Maria Azkue, Mariaizkurrena, Karrera eta Larretxea. Señorita-eta hilda zueden». Garai bateko auzotarren artean harreman hori mantentzen duten arren, orain, orokorrean auzoa oso inpertsonala dela diote: «Orain da beste auzo batean biziko bagina bezala».
Hernaniko biztanleak:
1960 - 12.591
1970 - 23.481
Enpadronamenduak:
1961 - 437 berri
1962 - 820 berri
1963 - 1.134 berri
1964 - 1.276 berri
1965 - 2.060 berri