Datorren larunbatean, ekainaren 15ean, Iheslarien Ekitaldi Nazionala antolatu dute Miarritzen. Hernaniarrek autobusean bertaratzeko aukera izango dute, nahi izanez gero. Autobusa goizeko 10:00etan aterako da Atsegindegitik, eta Miarritzeko ekitaldi guztiak bukatzear direnean, arratsaldeko 20:00ak aldera itzuliko da. Txartelak salgai daude dagoeneko, 30 euroan, Garin, Aker eta Rioja Tabernetan.
Iheslarien eguneko ekitaldi nagusia goizeko 11:30etan izango da, Irati erakustazokan. 13:30etan herri bazkaria antolatu dute, eta txartelak bertan egongo dira salgai, 20 euroan. Eta eguna bukatzeko, musika: Dohainik, Gatibu, Gose, Iheski eta Ze esatek! taldeek kontzertua eskainiko dute.
`Herria dugu arnas´
izango da lema
Ekimen berria jarri du martxan iheslari politikoen koletiboak, Herria dugu arnas izena duena. Hernaniar eta euskal herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte, datorren astean, Miarritzera: «herria eraman genuen gurekin, herria bizi izan dugu urrun egonik ere, eta herria da gure hatsaren ezinbesteko oinarri. Ekainaren 15ean Miarritzeko Irati aretoan ikusiko dugu elkar».
Idatzitako adierazpenean besteak beste diote, Euskal Herrian bizi nahi dutela, libre: «Munduko bazter anitzetan ehundaka iheslari gaude, eta Euskal Herrian libre bizitzeko eskubidea jorratu nahi dugu, mundutik herrira itzuli».
Arazo politikoari dagokionean, soluzioa konponbide integrala dela azpimarratu dute: «arazo politikoaren konponbide integrala bultzatu nahi dugu, horrek ekarriko duelako gure arazoa behin betiko ezabatzea».
Apirilean, Hernaniko
iheslarien eguna
Apirilaren 20an Hernaniko Iheslarien eguna antolatu zuten aurreneko aldiz Ziburun. Dozenaka herritar gerturatu ziren, egoera horretan, Ipar Euskal Herrian bizi diren 6 hernaniarrei babesa ematera. Iheslarien hitzak izan ziren bereziki protagonista, eta ondoren, festa: bertsolariak, bazkaria, dantzaria...