Ahmet Ertak, Sedat Tore eta Fadil Bedihanoglu: «Gauza askotan gara berdinak, eta Hernanin etxean sentitu gara»

Kronika - Erredakzioa 2013ko eka. 6a, 02:00

Hernanin etxean bezala sentitu direla adierazi zuten atzo Kurdistandik etorritako hiru kideek, Hernaniko Uda­lean egindako harrera ofizialean. Hernanik eta Semdinlik badituzte antzekotasunak, eta Euskal Herriak eta Kur­dis­tanek ere bai, atzo adierazi zu­tenez: «Zapaldu­ta­ko bi he­rri di­ra, beren borrokari esker bizirik jarraitzen dutenak, eta orain bake prozesu batean sartuta daude biak. Espe­ran­tzarako ga­raiak dira, eta elkarri asko erakutsi diezaiokegu». Semdinli herria eta Her­nani senidetu egin dira, eta atzo hemen izan zen hango ordezkaritza bat: Semdinli bertako Alkatea, Sedat Tore; aldameneko Hakkari herriko Alkatea, Fadil Bedihanoglu; eta Kur­dis­tango 120 herri biltzen dituen GABB elkarteko Idaz­kari Nagusia, Ahmet Ertak. Hernaniko Udalean harrera egin zien Asier San Emeterio Alkateordeak, eta sinadura ofiziala egin zuten bertan. Horrez gain, elkarri eman zizkieten oroigarriak: Her­na­nik, herriko harmarria eta ikurriña; Semdinlik, han egiten duten tapiz moduko bat, hango kantak eta musika bil­tzen dituen CD bat, eta Sem­dinli herriari buruzko informazio osatua. Arratsaldean, berriz, he­rri­tarrek izan zuten aukera beraiekin egoteko eta galderak egiteko. 12 herritar inguru elkartu ziren udaletxean. Kurduera garatzeko Euskal­tzain­dia bezalako erakunderik baduten galdetu zieten, besteak beste. Beraien hizkuntza debekatua dago eta erakunderik egon ez arren, zentzu horretan lanean ari direla azaldu zuten. Esate­ra­ko, unibertsitatean, masterrak, kurdueraz garatzen ari dira. Bake prozesuaz ere galdetu zieten. Eta Herrirako kideek, preso politikoen in­gu­ruan antzeko egoera bizi dutela ere aipatu zien eta euren eskubideen alde lan egin beharraz hitz egin zuten. 

«Bi herri, egoera bera bizi dugunak»
Bai Asier San Emeteriok eta bai Sedat Torek senidetzea sina­tzean azpimarratu zuten, oso interesgarria zela bi herriek elkarren berri izatea. Lehenen­go elkar ezagutu, eta gero ikusiko da ze pau­so emango di­tuzten. Al­de horretatik, protokolo proposamen bat ere ekarri zuten kurduek, Hernaniko Uda­lean landuko dutena. Hala ere, aldez aurretik antzeko gauza asko badirela ikusi dute bi herriek, bai politika aldetik, bai kultura aldetik, eta baita historia aldetik ere. Hakkari herriko alkateak adierazi zuen: «Sem­dinli bezala, Hakkari herria oso za­paldua izan da, eta aldi berean oso iraultzailea da. Her­nani ere bai. Horregatik geure etxean sentitzen gara hemen. Euskal Herria eta Kurdistan bi herrialde gara, egoera berdina bizi dugunak».

Zer ikasi elkarrengandik?
Elkarrengandik bi herriek zer ikasi dezaketen galdetuta, «asko» erantzun zuten hiru kideek. GABB erakundea da hango 120 herri kur­du biltzen dituen Udalbiltza moduko erakunde bat. Han­go buruak, Ahmet Ertakek zera adierazi zuen: «Guk badugu GABB erakundea, oso ondo funtzionatzen due­na. Zuek euskaldunek guk baino pauso batzuk gehiago eman dituzue: autonomia bat baduzue, hizkuntza ofiziala duzue, eta hezkuntza ere euskeraz eman dezakezue. Hori oso interesgarria da guretzat, pauso horiek ematen orain hasi garelako».

BDP alderdiak hiru ardatz, lanerako: demokrazia, ekologia, eta berdintasuna
Sedat Torek adierazi zuen, baita ere ikusi nahi dutela ea hemen hiru gai konkretu nola gestionatzen diren: demokrazia, ekologia, eta genero berdintasuna, hain zuzen ere. «Gure alderdiak, BDPk hiru ardatz horiek ditu helburu nagusi. Alde horretatik, asko interesatzen zaigu zuek nola tratatzen dituzuen hiru gai horiek: demokrazia, ekologia, eta genero berdintasuna, alegia».

Etorkizun baikorra
Baikor ikusten dute etorkizuna Hernanira etorritako hiru or­dez­kariek. «Uste dugu gure ar­te­­koak bere frutua emango duela. Lehenago egin behar ge­nuela uste dugu horrelako senidetze bat, ze hain gertu egonda, ez da ulertzekoa nola den lehen­dabiziko senidetzea herri euskaldun eta kurduen artean». Turkiaren menpean dago Semdinli herria, eta baita Hakkari herria ere, baina badira Irak eta Siriaren mendean diren lurralde kurduak ere. Turkiako gobernuarengan batere federik ez dutela diote hiru kideek, baina hala ere beren buruan asko sinesten dutela. «Sirian eta Iraken pausu dezentekoak eman ditugu, eta Turkian ere ondo ari gara. BDP alderdiak sekulako indarra lortu zuen 2009­an, eta Turkiak erantzun zuen 10.000 pertsona atxilotuta. Gose greba masiboa hasi zuten kartzeletan, 68 egun iraun zuena, eta presio haundia egin zitzaion Turkiari. Gure ordezkaria O Salam da, eta harengan fede haundia dugu. Turkiarengan ez dugu sinesten, baina herri kurduarengan bai».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!