Egungo txapelduna da Hernani herriartekoan eta aurtengo edizioan, txapela mantentzea dute helburu. Bide horretan, kanporaketak irabaztea da aurreneko pausua eta gaur dute, hurrengo zita. Final laurdenetako partidua jokatuko dute, Tolosaren kontra, Beotibarren, 20:00etan hasita. Kanporaketa zaila izango da Hernanirentzat. Rufino Rekalderen esanetan, Tolosak maila haundiko bi bikote ditu, Hernaniri kanporaketa zailduko dienak.
Kadetetan, aurreko koadroak saihestea klabea
Kadetetan Cisneros eta Rodrigez hernaniarrek Egiguren eta Peñaren kontra jokatuko dute. Tolosaren kasuan, bi pelotariak aurrelariak dira; beraz, Hernanik aurreko koadroetako jokoa saihesten badu, irabazteko aukera izan dezake.
Jubeniletan, partidua atzeko koadroetan jokatzea
Altuna anaiak izango dira Hernaniren ordezkariak jubeniletan. Mujika Tolosako aurrelariak ezker bikaina eta arriskutsua du; eta Beloki atzelaria jokalari gaztea da oso, kadetetan jokatzeko adina baitu. Klabea, partidua atzeko koadroetan jokatzea izango da.
Seniorretan, hernaniarren pareko, gutxi
Arrieta eta Aizpitarteren maila duten pelotari seniorrak gutxi dira. Aristimuño eta Errazkin tolosarrek bikote sendoa osatzen badute ere, hernaniarrak dira faborito.