«Igerileku irekiak zabaltzear dira, eta taberna egokitu gabe dago, aurten ere»

Kronika - Erredakzioa 2013ko eka. 5a, 02:00

EAJ eta Hamaikabat alderdiek Kronikara bidalitako oharrean salatu dute 2013ko udan «taberna egoera kaxkarrean irekiko dutela»

Igerileku irekietako ta­berna oraindik egokitu ez izana salatu dute EAJ-PNV eta Hamaikabat alderdiek, Kronikara bidalitako prentsa oharrean. Diotenez, ulertezina da, kontuan izanda, ta­berna diru sarrera dela: «berehala zabalduko dituzte igerileku irekiak, eta ulertezina da taberna oraindik egokitu gabe egotea». Bi alderdiek azaldu dutenez, egokitze lanetarako 60.000 euro daude aurreikusita 2013ko aurrekontuetan: «diru partida bat kontuan hartua dago aurtengo aurrekontuetan, eta Bilduko Go­bernua ez da gai izan azken sei hilabete hauetan tabernan egin beharreko la­nak egiteko. Beste behin, egoe­ra kaxkarrean irekiko da».

«Taberna egoki jarriz gero, diru sarrera inportantea izan daiteke» Oposizioko bi alderdien esanetan, instalazio egokia izateak onura ekonomikoa ekarriko luke Udalarentzat: «taberna ondo, egoki jarriz gero, sarrera ekonomikoan nabarituko da aldea eta horrek onura ekonomikoa ekarriko lioke Udalari. Dirudienez, aurtengo urtea ere urte galdua izango da, eta gutxienez 2014ra arte itxaron beharko dugu». Azkenik, prentsa oharra bukatzeko, Luis Intxauspe alkateari gehiago saiatzeko eskatu diote: «herriko gestioan saiakera haundiagoa eskatzen diogu Alkateari, legegintzaldiaren erdialdean gaude, eta penagarria ari da izaten»

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!