Udara iristearekin batera auzo eta herrietako festek okupatzen dituzte askoren agendak, asteburuetan. Hernanin Osiñagak markatzen du abiapuntua, irekitzen du festa denboraldia. Asteburuan ospatuko dituzte auzoko festak, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte beste urtebetez, eurekin batera, jai giroan murgiltzera.
Ahari jokoa, nobedadea
Auzoko txikienak izango dira aurten ere protagonista, festen hasieran: bizikleta buelta eta jokoak izango dituzte, eguerdira bitartean, larunbatean. Arratsaldean, ekitaldirik ez da faltako. Auzoko gazteen arteko pelota partiduek emango die hasiera, kirol festari. Herri kirolek hartuko dute erreleboa ondoren; desafioa antolatu dute aizkoran, txingan eta korrika bi koadrilen artean. Eta ondoren, aurtengo nobedadea, ahari jokoa. Iluntzean bertso saioa eskainiko dute Bertso Eskolako kideek; eta hauei entzunez, sagardoa eta bakailua dastatzeko aukera izango dute, bertaratutakoek. Azken orduetan musika nagusi: Laiotz lehendabizi eta diskoteka ondoren.
Bazkaria, igandeko ardatza
Zaldibiko trikitilariek girotuko dute igandea, goizetik iluntzera. Eguerdi partean auzokoak gogoratuko dituzte beheko zubian. Ondoren, Arriatsuko eskolara itzuli, eta pelota partiduak jokatuko dituzte, helduek. Bazkaldu aurretik ia auzotar bilakatu diren Peñagarikano eta Telleriak jarriko dute saltsa, bertsoekin. Eta eguneko zita inportanteena bazkaria izango da. Urtean behin elkartzen dira auzotarrak, eta bereziki estimatzen dute, momentu hori. Arratsaldean abere dema izango da, aurten berezia: Imanol Paollaren zaldia asto parearen kontra ariko baita. Festak agurtzeko, Zaldibiko trikitilariek jarriko dute martxa, trikitia eta panderoak astinduz.
Ekainak 8, larunbata
10:00 Mountain Bike-a haurrentzat, auzoan zehar. Ondoren hamaiketakoa izango da Arriatsun, partehartzaileentzat.
12:00 Txupinazoa eta haur jolasak.
14:00 Bazkaria, guretzat.
16:30 Pelota partiduak auzoko gazteen artean.
17:30 Herri kirolak; zein baino zein, bi koadrilen arteko desafio ikaragarria: aizkora, txinga, korrika, eta abar.
Ondoren Ahari Joko ikusgarria.
19:00 Bertso saioa Hernaniko eskolako bertsolariekin.
Ondoren Sagardo eta bakailu dastaketa. Bitartean auzoko trikitilariak ariko dira.
20:30 Dantzaldia Laiotzekin.
00:30 Berriro Laiotz.
Ondoren Goizaldean diskoteka.
Ekainak 9, igandea
‘Zaldibiko trikitilariak’ arituko dira giroa alaitzen egun osoan zehar
12:00 Auzokoak gogoratuz
beheko zubian.
12:30 Helduen arteko pelota
partiduak.
13:00 Bertsolariak: Peñagarikano eta Telleria.
14:00 Bazkari herrikoia, Arriatsun.
18:00 Abere dema berezia. Imanol Paollaren zaldia, asto parearen kontra.
20:00 Dantzaldia ‘Zaldibiko
trikitilariekin’.