Txapelketen txapelketa deitu izan zaio Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiari. Inbutu estua izaten da, eta bertsolari bakoitzak bere herrialdean lortzen du plaza, Euskal Herrikoan kantatzeko. Irailetik aurrera, 43 bertsolari ariko dira, eta tartean Hernanik ordezkaritza polita dauka, berriz ere, bertso eskolako 7 kide hortxe izango baitira, onenen artean. Maialen Lujanbio, Unai Agirre, Iñaki Zelaia, Agin Rezola, Beñat Gaztelumendi, Aitor Mendiluze eta Jexux Mari Irazu dira Hernaniko bertso eskolan arituak edo ari direnak; lehenengo hirurak hernaniarrak, eta besteak Astigarraga, Añorga, Andoain eta Larraulgoak.
Momentuko onentsuenak
Zail da hain maila altuko koadrila osatzerik, bertso munduan. Lau urtean behin elkartzen dira momentuko onenak edo onentsuenak, eta ez da hanka-sartzetarako lekurik izaten.
Maialen Lujanbio hor izango da, aurreko Euskal Herriko txapelduna, eta Amets Arzallus ere bai, gertu gertutik txapelari begiratu zion lapurtarra. Herrialde bakoitzeko txapeldunak ere ez dira faltako: Iparraldeko txapelduna, Arzallus bera; Gipuzkoako txapelduna, Aitor Sarriegi; Bizkaikoa, Arkaitz Estiballes; Nafarroakoa, Xabier Silveira; eta Arabakoa, Oihane Perea. Hurrengo sailkatuak ere hor dira, 43 osatu arte: Gipuzkoako 21, Bizkaiko 11, Iparraldeko 5, Nafarroako 4 eta Arabako 2.
Irailean hasi, abenduan buka
Udazkenean jokatu ohi da beti txapelketa nagusia. Irailaren 29an hasiko da, Villabonan, eta abenduaren 15ean bukatu, Barakaldoko BECen. Guztira 14 saio izango dira, Euskal Herri osoan barrena. Bertsozale elkarteak urtebete daramaki txapelketa prestatzen, eta irailaren 17an egingo dute aurkezpen ofiziala, eta irailaren 26an aurkezpen festa.
43 bertsolariak
-Maialen Lujanbio
-Iñaki Zelaia
-Unai Agirre
-Agin Rezola
-Beñat Gaztelumendi
-Aitor Mendiluze
-Jexux Mari Irazu
-Ainhoa Agirreazaldegi
-Aitor Sarriegi
-Alaia Martin
-Amaia Agirre
-Amets Arzallus
-Arkaitz Estiballes
-Beñat Lizaso
-Beñat Ugartetxea
-Eneko Fernandez
-Eneritz Zabaleta
-Erika Lagoma
-Etxahun Lekue
-Felix Zubia
-Fredi Paia
-Iban Urdangarin
-Igor Elortza
-Iker Zubeldia
-Iñigo `Mantxi´
-Iñaki Apalategi
-Iratxe Ibarra
-Jokin Uranga
-Jon Maia
-Jon Martin
-Jone Uria
-Julio Soto
-Maddi Sarasua
-Manex Agirre
-Miren Amuriza
-Nerea Elustondo
-Odei Barroso
-Oihana Bartra
-Oihane Perea
-Onintza Enbeita
-Sustrai Colina
-Unai Iturriaga
-Xabier Silveira