Judoa probatzeko aukera ekainean, «erabat berdintasunean» ari den kirola

Kronika - Erredakzioa 2013ko eka. 4a, 02:00

judoa probatu al duzu sekula? Hernaniko klubak ateak zabaldu ditu ekainean, ezagutu edo probatu nahi duten guztiek aukera izan dezaten. Astearte eta ostegunetan egingo dituzte entrenamenduak: alebinenek 19:00­­etatik 20:00etara; eta infantil mailatik gorakoek 20:00etatik 21:30­etara. Pro­batu nahi duenak hitzordu horietara azaldu besterik ez du; ez da aldez aurretik izenik eman behar.

«Judoan ez dago alderik, neska eta mutilak konpetizio berdinetan aritzen dira»
Jone Irastorza arduradunak herritarrak gonbidatu nahi di­tu kirol hau probatzera, bereziki neskak, eta gogoratu nahi die, judoak erabat berdintasunean egiten duela lana: «ez dago alderik, kirol parekatua da. Neska eta mutilak konpetizio berean aritzen dira, sari berdinak dituzte...» Aurten 115 judoka aritu dira Her­naniko klubean; 52 neska eta 63 mutil: «neskak normalean gu­txiago animatzen dira ju­doa probatzera, baina Her­na­niren kasuan, egoera oso ona da, ia erdiak baitira neskak».

Urte bikaina
Emaitzei dagokienean, denboraldi bikaina izan da pasa berri dena. Infantil mailan, neskak, Gipuzkoako txapeldunak izan dira taldeka. Maila berean, banaka, lau domina lortu dituzte: Maia­len Iribarrenek urrea, Nago­re Eizagirre eta Aroa Ferrei­rok zilarra eta Zuriñe Urdan­garinek brontzea. Euskadiko Txapelketa ere jokatu dute aurten infantilek, eta Nagore Izagirrek eta Ana Ferreirok zilarra lortu dute, eta Maia­len Iribarrenek brontzea. Alebin mailan, eskolarteko konpetizio txiki moduko bat egin dute aurten Gi­puz­koa mailan, eta Hernaniko neskak ere bikain aritu dira: txapeldun eta hirugarren geratu dira, taldeka. Maila berean, banaka ere, jantzi dituzte dominak: urrea Nerea Yungak (Inmakulada), zilarra Ainara Eizagirrek, Intza Etxeberriak eta Eneka Iri­ba­rre­nek (Langile), eta bron­tzea Gaizka Romok.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!