Aspaldiko eskaera izan da Ereñotzuarren artean pelotalekua izatea eta atzotik errealitatea da. 7 hilabete eta erdiko lanen ostean, erabiltzeko pronto dago. Inaugurazio ekitaldia atzo egin zuten Auzo Udaleko kideek eta Imanol Lizeaga auzo alkateak adierazi zuen oso gustora daudela emaitzarekin. «Pelota plaza bertako neurrira egokitu dugu. Estalia da, eta era berean, irekia, pelotan aritzeko bakarrik ez, auzoko beste ekintzetarako ere balio dezan». Proiektua aurrera eramateko jasotako diru laguntzak eta babesa ere eskertu zituen.
Bertakoak protagonista
Atzoko ekitaldian, Iñaki Zelaia eta Unai Agirre bertsotan aritu ziren, Ozenki abesbatzak Agurra abestu zuen eta auzoko hainbat pelotarik partidua jokatu zuten; izan ere, auzokideei leku berezia eman nahi izan zien Auzo Udalak. Palaz, Pagola eta Huizik 18-13 irabazi zieten Senper eta Irazustabarrenari; eta eskuz, Urkizu eta Aizpitarte 18-11 nagusitu zitzaizkien Erroizenea eta Lizeagari. Luntx ederra ere izan zuten ondoren.