Ereñotzuko pelotalekua edo pelota plaza gaur inauguratuko dute, 11:00etan. Azpiegitura honekin, auzokideen aspaldiko aldarrikapenari erantzuna emango zaiola azaldu dute Auzo Udaleko ordezkariek. Eta horrek guztiak ereñotzuarrengan ilusio haundia piztu duela eta, auzokideei leku garrantzitsua eman nahi izan diete estreinako ospakizun honetan.
Hala, txalapartaren doinuen ondoren, Iñaki Zelaia eta Unai Agirre bertsolariek emango diote sarrera. Agurra berriz, Ozenki abesbatzaren abestiarekin dantzatuko da. Eta bukatzeko, bi pelota partidu jokatuko dira, tartean auzoko pelotariak direla.
Palaz eta eskuz
Pelota partiduak palaz eta eskuz izango dira, 11:30etatik aurrera. Aurretik, atariko sa-kea eskolako haurrek egingo dute Asier eta Aimar Olaizola pelotariekin.
Palaz neurtuko dira: Pagola-Huizi/Irazustabarrena-Senper; eta eskuz: Erroizenea-Lizeaga/Urkizu-Aizpitarte.
Erabilpen desberdina
Auzo Udaletik jakinarazi dute erabilpen desberdina emango diotela pelotalekuari: «pelotarako edo beste kirol batzuetarako erabiltzeaz gain, plazaren parte izan nahi du eta bestelako ekitaldi, jai bilera, emanaldi eta abarretarako aukera eskainiko du. Eta jakina, egunerokoan osagarria izango da auzoko eskolarentzat».
Bestalde, Auzo Udaletik eskerrak eman dituzte: «Behemendiri diru-laguntzak lortzeko garaian emandako laguntzagatik eta ondoren jasotako laguntza guztiak ere eskertzen ditugu Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Behemendiren aldetik. Baita Hernaniko Udalak emandako babesa eta Elizak jarritako erraztasunak ere».