«Orduan eta bide traketsagoa, zikinagoa, kurba itxiagoekin... orduan eta gehiago disfrutatzen dugu»

Kronika - Erredakzioa 2013ko eka. 2a, 02:00

Motorra duen edozein ibilgailu dute gustoko, eta bat aukeratuz gero, kotxea. Rallyetan eta Igoeretan ibiltzen dira Xemark Iriondo eta Mikel Marin hernaniarrak. Hasiberriak dira biak eta ilusioa nabari zaie, barra-barra. Afizioa baina zerbait gehiago da eurentzat motorra; gozatu egiten dute pausu guztietan, karrera bakoitzean.

«Karrera egunean disfrutatu egiten dugu, han egotea, kotxean sentitzen den ten­tsioa, motorraren hotsa... sentsazio hori ezin da beste ezerkin konparatu» hitz horiekin deskribatzen dute Rally edo Igoeretan sentitzen dutena Xemark Iriondok eta Mikel Marinek. Hernaniarrak dira biak, mundu honetan hasiberriak. Ilusioa dute barra-barra, eta hala transmititzen dute, ematen duten azalpen bakoitzean.


Ikusle izatetik partehartzaile izatera

Pasioa dute bi hernaniar hauek motorra duen edozein ibilgailurekiko. Ez da denbora asko Rally munduan hasi zirela; Xemark Iriondok bigarren urtea du aurten; eta Mikel Marinek aurrenekoa. Igoeretan, bakarka aritzen dira, bakoitza bere kotxean. Eta rallyetan elkarrekin, Xemark gidari eta Mikel kopiloto. Elkarrekin joaten ziren Rallyak ikustera, eta ikusle izatetik partehartzaile izatera iritsi nahi zuten biek: «guk ere noizbait atera beharko diagu esaten genion elkarri. Korritzen duen jendearekin hitz egiten genuen, kostua, kotxea prestatu... hasi aurretik eman beharreko pauso guztiak ondo aztertu genituen, eta animatu egin ginen».


Zein baldintza bete behar ditu kotxeak karreretan ateratzeko?
Mikel Marinek kalerako ibil­tzen zuen Golf markako ko­txea tuneatu zuen karreretarako; Xemark Irondok, BMW 325i kotxea. Kotxe modeloa baino inportanteagoa, hasiera batean behintzat, federazioak eskatzen dituen baldintzak betetzea zen. Horretarako, hainbat aldaketa egin behar izan zituzten: «kotxea ez bolkatzeko barra bat jarri behar izan genuen lehendabizi. Eserleku bereziak ere exiji­tzen dituzte, zinturoiaren partez, arnesak, kortakorrientes  bat... guztia egokitu behar izan genuen baimena izateko».


Norberaren eskulana, ezinbestekoa
Aldaketa guzti horiek kostu ekonomiko bat dakarte, bai pieza aldetik, eta baita eskulan aldetik ere. Bi hernaniarrek bazekiten guztiari aurre egitea ezinezkoa izango zela eta, beraien eskulana ezinbestekoa zela, batez ere, hasieran: «guk moldatu dugu kotxe guztia, ez gara mekanikoak baina afizioa eta gogoa baduzu, edozer egin dezakezu. Laguntza eskatzen jakitea ere inportantea da, eta guk izan dugu. Hernaniko pare bat taller eta karrozerien laguntza izan dugu, Portuko San Joan Txiki, Goberacing eta Iglesias Sport esaterako.


Igoeretan bakarrik, Rallyetan elkarrekin
Igoeretan edo Rallyetan parte hartzeko Euskadiko Auto­mo­bilisimo Federazioan ize­na emanda egotea ezinbestekoa da. Baldintza hori beteta, igoera bakoitzaren aurretik ize­na ematea nahikoa da, lasterketetan parte hartzeko. Igoe­ra edo Rallyak Euskadiko Fe­derazioak antolatzen ditu eta  egutegi bat izaten da izena emateko.
Igoeretan pilotoak bakarrik har dezake parte; hau da, bakoitza bere kotxean. Ra­llyak baino motzagoak izaten di­ra, 4-6 kilometro ingurukoak: «sinpleagoak direla esan liteke. Karreterak asfaltuta egoten dira, zabalagoak izaten dira, bi karrilekoak; garbi garbiak izaten dira».
Rallyen edo rally sprinten kasuan ibilbidea luzeagoa izaten da, 8-14 kilometro ingurukoa. Eta bidea ere, okerragoa izaten da: «tramo zabal bat segituan bihurtzen da estu, eta alderantziz... Karril bakarreko bideak izaten dira, asfaltatuak gutxitan... normalean grabilla eta lokatza izaten da nagusi, mendiko ibilbideak izaten baitira, exigenteagoak. Guk ordea nahiago du­gu, orduan eta bide tra­ketsa­goa, zikinagoa, kurba itxia­goarekin, hobe... or­duan eta gehiago disfrutat­zen dugu».


Aurretik ibilbidea ezagutzera
Rallyen aurretik ibilbidea eza­gutzera joaten dira bi pilotoak. Xemarkek piloto lanak egiten ditu eta Mi­ke­lek kopiloto lana. Ibil­bi­dea identifikatzera joaten direnean, kopilotoak apunteak behar bezala hartzea ezinbestekoa dela diote biek, baldin eta karrera txu­ku­na egin nahi badute: «Mikelek koadernoan hartzen ditu notak, kurbak nolakoak di­ren, zein diren zailtasunak, non azeleratu litekeen... apunte bakoi­tzak du garran­tzia, eta guztia ondo eskematizatzeak ere bai. Karreran murgilduta zaudenean ez da askorako denborarik izaten, eta kopilotoaren lan azkarrak marka­tzen du diferentzia».


Lasterketak eta gero, kotxeei errepasoa
Karrera bukatuta, kotxea errebisatu behar izaten da, hurrengo lasterketari begira: «erruedak begiratu, olioa, radiadoreko ura eta nibela... hori ondo badago, hurrengo karrerarako prest gara. Kotxe hauek batallakoak izaten dira, ez dute arazo askorik ematen».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!