Azken 200 urteetan Urumeako bailarak aldaketa izugarria izan du bere paisaian: Haltzadi, baso misto, harizti eta pagadi azidofiloak zirenak, urte gutxian pinuak ordezkatu zituen eta orain, azken 5 urteetan, eukaliptoa ari da nagusitzen. Zergatik eukaliptoa? Zein ezaugarri ditu?
Gaur egun pinudiak landatzeak ez du irabazirik ematen. Hori dela eta, basogintza aldatzen ari da etekin ekonomiko haundiagoa lortzeko; kasu honetan, eukaliptoak landatzen dira. Eukaliptoak pinuak baino azkarrago hazten dira, beraz, oso urte gutxitan zuhaitz haundiak lortu daitezke. Gainera, behin landatuta gehienetan ez dira berriro erein behar, ernaberritzeko gaitasuna baitute. Horregatik zuhaitz hauek egokiak dira aberastu nahi dutenentzat, nahiz eta gure ondare naturalean sortzen dituzten arazoak ezagunak izan.
Horri lotuta, EHU unibertsitateak egin duen ikerketa baten arabera, erreka inguruetan eukaliptoa egoteak, eragin kaltegarriak sortu ditzake errekako bioaniztasunean…
Eukaliptadien gaineko azterketak geroz eta ugariagoak dira. Aspalditik da ezaguna eukaliptadiek lurzoruko ura xurgatu eta azidotzen dutela. Gainera, konposatu desberdinak askatzen dituzte eta hauek, batik bat, uretan pilatzen dira eta errekako bioaniztasunean eragina du. Baina ez hori bakarrik. Beste ikerketa talde batek eukaliptadietan agertzen den hegaztien bioaniztasuna ere murritzagoa dela frogatu zuen.
Anfibioen gaineko eragina, berriz, guztiz ezezaguna da. Anfibioek mundu mailan mehatxatutako animalien taldea osatzen dute eta oso garrantzitsua da mehatxuak ondo ezagutzea, haien kontserbaziorako neurriak hartzeko.
Aurretik Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza bati esker zure tesiaren hastapeneko ikerketak egin zenituzten. Zein emaitza eman dituzte eukaliptoa dagoen guneetan?
Egia da proiektua Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza batekin hasi genuela, baina gaur egun nire tesiaren atal bat da eta horretarako ministerioko beka bat daukat.
Aurretik azaldu dudan bezala, eukaliptadietan harrapatutako uhandreek zeukaten osasun mailarik okerrena; hariztiena baino %74 baxuagoa izatera heldu zen. Horrekin erlazionatuta, bertan bizi diren indibiduoen ezaugarri sexualen garapena ere txikiagoa izan da, hariztietan baino %24 txikiagoa.
Emaitza horiek ikusita, nola baloratzen duzue Urumeako bailaran gero eta eukalipto gehiago landatzearena?
Oso gaizki. Beste lurralde batzuetan eukaliptadiak landatu dira eta ezagunak dira sortzen diren ingurumen arazoak. Horregatik amorragarria da gaur egun geratzen diren leku natural bakanak suntsitzea. Eta dena interes ekonomiko eta politikoak natura eta gure espezieen kontserbazioa baino garrantzitsuagoak direlako.
Neurriren bat hartu beharko al luke Udalak edo Diputazioak edo…?
Noski. Argi dago Administrazioak asko egin dezakeela kontserbazioaren alde, baina horretarako arduradunen nahia oso garrantzitsua da. Askotan, Diputazioko teknikari eta politikoek ez ikusiarena egiten dute basogintza bezalako lobbyei aurre ez egitearren. Gehienetan, pertsona bakar baten interesak gizartearen interesen aurrean jartzen dira eta horrek kontserbaziorako arazoak dakartza beti. Zenbait kasutan, gainera, lur eremuak pribatuak dira eta horietan, ziur aski, irtenbide bakarra legislazioa izan liteke, eukaliptadiek dakartzaten arazoak ezagututa, hauek landatzeak debekatuta egon beharko luke.
Urumea bailaran terreno zati bat daukanak, zer egin beharko luke? Aukerarik onena lurra bere horretan uztea da. Basorik ez badago, lur saila bakean utzita laster hasiko dira zuhaitzak hazten eta urte batzuen buruan animalia eta landarez betetako basotxo bat lortuko dugu. Argi dago aukera hori dela naturarentzat hoberena, baina baita guretzat ere. Euskal Herrian mendizale mordoa dago eta guztiok nahiago dugu harizti edota pagadi batean buelta bat eman eukaliptadi edo pinudi batean baino. Behin eukaliptoak landatuta ez dago atzera bueltarik, lurzorua hondatzen delako. Epe luzera begiratu behar dugu eta ez soilik momentuan lortu daitekeen etekina, azkenean guztion esku baitago naturaren aldeko neurriak hartzea.