Herpetologia Sailean ari zara burutzen tesia. Zer da herpetologia? Zertan egiten duzue lan herpetologia sailean?
Ornitologiarekin gertatzen ez den moduan, herpetologia hitza jende gutxik ezagutzen du, baina narrasti eta anfibioak aztertzen dituen zoologiaren atala da. Aranzadin, animalia hauekin erlazionatutako gauza desberdin asko egiten dira. Herpetologia saila aspaldi hasi zen aztertzen espezieen kontserbaziorako oso garrantzitsuak diren populazio eta espezieak eta gaur egun, oraindik jarraitzen du.
Hala ere, momentu honetan oinarrizko zientzia egiten hasi da herpetologia saila. Eta batez ere, anfibio eta narrastien jokaerari buruzko ikerketak garatzen ari da, etologia deritzona. Dena dela, kontserbaziorako garrantzitsuak diren gaiak ere jorratzen dira, adibidez, anfibio eta narrastiek duten gaitasuna gizakiak sortu berri dituen ingurune berrietara moldatzeko, edota anfibioak nola kaltetzen dituen glifosatoa bezalako herbiziden erabilera geroz eta ohikoagoak.
Zure tesia aurrera eramateko, anfibio espezie jakin bat ari zarete aztertzen: uhandre palmatua (Lissotriton helveticus). Nolakoa da? Non aurkitu dezakegu?
Uhandre palmatua uhandrerik arruntena da gure inguruan. Gainera gure artean topatu dezakegun urodelorik (buztandun anfibioa) txikiena da; 8 cmko luzera izan dezake. Kolore arre-iluna du eta arrek, ugal garaian, atzeko hanketan palmeadura oso deigarriak garatzen dituzte, gainerako espezieetatik desberdintzeko balio dutenak. Ugaltzeko ur geldoak behar ditu, baina ia edozein lekutan agertzen da. Hori dela eta, ur kopuru gutxiko putzu txikietan topatu daiteke, baina baita urmael haundiagoetan ere.
Zergatik hau eta ez beste edozein anfibio espezie?
Esan bezala, uhandre palmatua leku askotan erraz topatzen den anfibioa da eta gehienetan dentsitate haundietan agertzen da. Egia da itsu-itsuan hasi ginela, ez baikenekien zer anfibio espezie bizi zitezkeen eukaliptadietan, batez ere. Aitortu behar dugu, ordea, uhandreak topatu izanak oso aukera onak eskaini dizkigula ikerketa gehiago planteatzeko orduan. Gure asmoa da, azterketa Euskal Herriko espezie arrunt gehiagotara zabaltzea (batez ere igel eta apoen zapaburuekin lan egitea erraza izaten da).
Zure tesiak galdera bat erantzutea du helburu: Zuhaitz kanpotarrez osatutako basoak edo baso landaketak, benetako basoak al dira? Zer ari zarete egiten galdera horren erantzuna bilatzeko?
Galdera horri erantzutea tesiaren atal bat besterik ez da, proiektuaren helburua anfibio eta narrastien eboluzioa aztertzea baita, inguru antropizatuetan (batez ere zuhaitz landaketetan eta hirietan).
Dena den, lortu ditugun emaitzak ikusita, esan dezakegu pinudi eta batez ere eukaliptadi landaketak ez direla benetako basoak. Ondorio horretara heltzeko uhandre palmatuen osasun-egoera aztertu dugu lehenik eta behin. Horretarako Euskal Herriko pinudi, eukaliptadi eta harizti desberdinetan animaliak hartu ditugu eta laborategian erantzun inmunea ezagutzeko proba erraz eta kaltegabea egin diegu. Esperimentua soilik arrekin egin dugu. Garai honetan emeak ernari daude eta eragozpen haundia izan daiteke menditik ateratzea.
Gainera arrek ar-aldian ezaugarri sexualak garatzen dituzte. Palmeadura, ezaugarri sexual horietako bat besterik ez da, espezie honek isats gandorra eta isats puntako filamentua ere garatzen baititu emeak erakartzeko. Hori dela eta, animalia guztien ezaugarri morfologiko batzuk neurtu ditugu habitat desberdinak konparatzeko; besteak beste: palmeadura eta isats azalera, filamentuaren luzera, pisua eta animaliaren tamaina...
Zein erlazio dago uhandrearen sistema inmunea eta bere ezaugarri sexualen eta baso baten funtzionamenduaren artean?
Palmeadura eta isats gandorra bezalako ezaugarri sexualen garapena kostu haundikoa da eta indibiduo bakoitzak energia pila eman behar du emeak erakartzeko erabiliko dituen egitura horietan. Osasun egoera txarreko ale batek, nahikoa dauka bizirik irautearekin, beraz, indibiduo horrek ez du bere burua aurrera ateratzeko eta ezaugarri sexualak garatzeko energia nahikorik edukiko. Hain zuzen, emeak ezaugarri sexual horiek erabiltzen dituzte kalitate hobea daukaten arrak aukeratzeko.
Ingurugiroko baldintzak oso garrantzitsuak dira osasuntsu mantentzeko, eta are gehiago, uretan zein lurrean bizi diren uhandreak bezalako animalientzat. Ezaguna da eukaliptoek sustantzia desberdinak askatzen dituztela ingurunera eta konposatu hauek uhandreen osasun egoera eta kalitatean eragina izan dezaketela uste dugu. Zuhaitz landaketa hauek tranpa ekologikoak izango lirateke indibiduoek habitat egokitzat identifikatzen badituzte ere, landaketek haien osasun egoeran eragina baldin badute.
Gainera, emeek ezaugarri sexualak arrak konparatzeko eta hoberenak aukeratzeko erabiltzen badituzte, era berean guk ere ezaugarri horiek erabiltzea erabaki genuen populazioak konparatzeko.
Hariztiak edo bertako basoak, pinudiak eta eukalipto landaketetako putzuak ari zarete aztertzen. Zergatik hiru baso mota hauetan?
Hariztiak eta bertako baso mistoak Euskal Herriko berezko basoak dira eta azken hamarkadetan hauek kendu dira pinuak landatzeko helburuarekin. Azken urteetan, ordea, eukaliptadiak lekua kentzen ari dira pinudiei. Gaur egun, beraz, Euskal Herrian pinu eta eukalipto landaketak dira nagusiak; lurralde osoaren ia %38 hartzen dute.
Euskal Herri osoan aritu zarete uhandre palmatuak hartzen eta aztertzen. Horien artean Hernanin ere ibili zarete. Zergatik Hernani? Zein bailaratan ibili zarete?
Hernanin ere zenbait lagin hartu ditugu. Bertako lagunekin hitz egin genuen eta haiek esan ziguten Hernaniko lurraldeetan bai harizti, pinudi zein eukaliptadiak topatu genitzakeela. Oso garrantzitsua da hiru baso motak haien artean hurbil egotea, bestela emaitza desberdinak lortu daitezke altitudea edo klima direla eta. Oso zaila da hiru basoak leku berean topatzea. Gipuzkoan hariztiak nahiko eskasak dira eta pinudiak, aldiz, ugariak.
Aiako Harriko parke naturalean, hala ere, oraindik harizti batzuk geratzen dira eta zoritxarrez, eukaliptadiak ere agertzen dira. Egoera hau gure ikerketarako ona izan den arren, eukaliptadiak egotea berri txarra da bertako bioaniztasunarentzat.
Lehenengo eta behin, Ereñotzu auzora hurbildu ginen eta Usokoerrekako bailaran harizti eta eukaliptadiak topatu genituen. Pinudiak, aldiz, Urruzunoko bailaran aztertu genituen.
Eta Hernanin egindako ikerketek ba al dute emaitzarik edo oraindik goizegi da ezer esateko?
Momentuz ez ditugu emaitza guztiak, ezaugarri sexualen datuak ateratzeko 300 bat argazki aztertu behar ditugulako eta lasaitasunez hartu behar da lan hori.
Dena dela, osasun egoeraren datuak badauzkagu eta Euskal Herriko gainerako laginekin gertatu den moduan, hariztietako uhandreek erantzun inmune altua daukate. Pinudien kasuan, osasun egoera tartekoa da eta eukaliptadietan harrapatutako uhandreak dira osasun kaxkarrena dutenak. Atariko emaitzak badira ere, badirudi zuhaitz landaketa hauek, batez ere eukaliptadiak, benetako tranpa ekologiko moduan jokatzen dutela, bertan bizi diren animalien osasun egoerak behera egiten baitu.