«presoak laster bidean izan nahi ditugulako, laster etxera bidean jarri nahi ditugulako» Lasterbidean antolatu du bihar, Oiartzunen Etxeratek. Euskal Herri mailako presoen eskubideen aldeko aurreneko lasterketa izango da. Helburua da, ahoz aho, herriz herri, preso eta iheslari guztien inguruak mugitu eta preso bakoitzeko bi korrikalari elkartzea bihar.
Joanes Larretxearen ama eta anaia, eta 28 hernaniar, lasterketa luzean Hernaniar ugarik egin dute bat, beste behin, presoen aldeko ekimenarekin. Joanes Larretxearen ama eta anaia bertan izango dira bihar, lasterketa luzean; eta hauez gain, izena eman duten beste 28 hernaniar. Ander Larretxea, Joanesen anaiaren esanetan, helburua 1.500 korrikalari biltzea zen, preso bakoitzeko bi: «guk etxean komentatu genuen, eta ama eta biok parte hartzea erabaki genuen. Ama ibiltzen da korrika, ni ez hainbeste... baina egun horretan ez dugu arazorik izango». Ander Larretxearen ustez, halako iniziatibak bereziak dira, diferenteak, baina oso onak: «iniziatiba ederra iruditu zait. Presoen alde egiteko eta babesa emateko modu diferentea da, eta han izango gara ama eta biok». Joanesen senitartekoez gain, beste 28 hernaniarrek ere hartuko dute parte, Lasterbideaneko lasterketa luzean.
Lasterketa motzean
izen ematea, bihar bertan
Lasterketa luzearen aurretik motz bat ere antolatu dute, 11:45etan. Parte hartu nahi dutenek bihar bertan eman behar dute izena, Oiartzungo Plazan, 09:00etatik 11:00etara. Prezioa, 2 euro.