Urtea borobildu nahi du Hernanik. Bigarren postuan bukatu du liga, Erregional Ohorezko mailan, eta orain Play Offa dute jokoan, Hirugarren mailara igotzeko. Play Offa triangularra izango da, eta Hernanik Bizkaiko eta Arabako bigarren sailkatuen kontra jokatu beharko du, hurrenez hurren, Retuerto eta Salvatierraren kontra.
Aurreneko finala, bihar
Etxetik kanpo du Hernanik aurreneko partidua: bihar, Barakaldon, 17:30etan, Retuertoren kontra. Gogotsu, indartsu eta duten guztia emateko gogoz dago taldea. Partidu berdindua espero da, Jon Loranen esanetan, ez baitago alde askorik bi taldeen artean. Hernanik kontra izango du etxetik kanpo jokatzea, talde bizkaitarrek zaleen babes haundia izaten baitute. Hori horrela, eta Hernanik merezi duen babesa izan dezan, klubak autobusa antolatu du debalde, Barakaldora joateko. Bertan, partiduaren sarrera ordaindu beharko da, 5 euro.
Salvatierraren kontra,
ekainaren 16an
Bigarren partidua etxean jokatuko du Hernanik. Zubipen izango da, ekainaren 16an, Salvatierraren kontra. Aurrez Retuertoren kontra lanak ondo egin badira, Hernanik Zubipen irabazi dezake play offa.
Igoera hirugarren mailako taldeen menpe
Play offa irabazten duen taldea ez da zuzenean igoko 3garren mailara. Orain 3garren mailako lau talde ari dira 2B mailarako play offa jokatzen, eta horietako batek lortu beharko luke igoera, talde batentzako lekua egoteko. Behin lekua egonda igoko litzateke, Erregional Ohorezko Mailan play offa irabazi duen taldea.